Egokitzapen faseaz, adaptazioaz, eskolako hasieraz…


– Hurrengo astean hasiko da Pello eskolan. 1.go egunean 30’ egon beharko da gelan, nirekin.

– Ba, Nahiaren irakasleak ez dit zehaztu zenbat denbora egongo den…

– Xabatek egokitzapena egin zuenean, bere egoeraren araberakoa izaten zen. Gustura bazegoen, han jarraitzen zuen jolasten… eta negarrez hasiz gero, berehala eramaten nuen.

– Kontu horiek guztiek ez dute ezertarako balio. Nik argi esan diot irakasleari ez dugula berak  esandako egokitzapenik egingo. Guk zerbitzu bat ordaintzen dugu haurra nonbait uzteko. Ez daukat aukerarik umea beste inorekin uzteko… beraz, lehenengo egunetik goiz osoa pasako du Maddik.

Nabardurekin baina antzeko elkarrizketak entzuten dira egunotan Euskal Herriko txoko askotan. Haur txikiak dituzten gurasoen artean, hizketa-gai nagusienetakoa da euren seme-alaben eskolako hasiera eta horri atxikitako egokitzapena. Nola egin, nola antolatu, noiz arte… buru-hausterako gaia da guraso askorentzat. Gainera, egiteko moduak, antolatzeko era eta iraupena oso bestelakoak izaten dira, familietan zein eskoletan.

Oraingo honetan ez dugu hitz egingo eskolako hasiera egiteko modurik aproposenaz, luze joko bailuke eta gainera, egoera eta haurraren arabera moldatu beharko baikenukeelako. Aldiz, testu hau baliatu nahi dugu egokitzapena, adaptazioa edo nahi duzuen izeneko prozesu hori aldarrikatzeko.

Haur Hezkuntzan egiten den egokitzapena beharrezkoa da haurrak behar duelako erreferentziazko pertsona bat eskolan, atxikimendu irudi seguru bat; hau da, testuinguru berri horrek eskaintzen dizkion aukerak esploratzera abiatzeko oinarri seguru bat.

Eta denbora behar-beharrezkoa da Haur Hezkuntzako profesionala umearentzat oinarri seguru bihurtzeko. Elkar ezagutzeko ere denbora behar da, baita tokia eta gainerako haurrak ezagutzeko ere.

Honez gain, sarritan haurrak bere erritmo biologikoak ere egokitu behar izaten ditu. Ordutegi jakin batzuk jarraitu izan ditu familian eta eskolan hasteak ekar liezaioke goizago esnatzea, lehenago bazkaltzea… Esan gabe doa horrek ere denbora eskatzen duela.

Egokitzapena ez da txorakeri bat, Idoia Etxeberriak 2011ko irailaren 9ko Goiena paperean zioen bezala; ezta Haur Hezkuntzako profesionalek lan gutxiago egiteko darabilten estrategia ere. Arrazoi sendoak daude horretarako. Hala diote nazioartean eginiko ikerketek (Anhert autorea har daiteke erreferentziatzat).

Idoia, egia da orain dela urte batzuk horrelakorik ez zela egiten Haur Hezkuntzan. Baina egia da, baita ere, dentistek, argazkilariek, sendagileek, kotxe konpontzaileek, ingeniariek, ardo egileek, idazleek… guztiek  ez dutela egun lan egiten orain 20 urte bezala. Aldatu dute euren lana egiteko modua ezagutza handiagoa dutelako, badakitelako nola hobetu beren lana. Beraz, langile horiekiko daukagun begirune eta errespetu bera eskatu nahi dugu Haur Hezkuntzan lanean ari diren profesionalentzat. Zorionez, gauzak modu berean ez errepikatzeagatik hobetzen da, berritzeagatik.

4 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Patxi

    Guraso moduan ez dut gustoko. Buruko min handia da… goizean goizetik amamaren beharra, egun osoa amamarekin… Eta egokitzapena ez da txorakeria izango baina ez da gauza bera 4 hilabeteko ume bat haurtzaindegira bidaltzea edo 18 hilabetekoa.

    Baina onartzen dut haurtzaindegiko profesionalek esaten dutena… Eurek jakingo dute nik baino gehiago euren lanaz. Ez dut nire burua ikusi nahi urte eta pikuko 10 umekin astelehenetik ostiralera… puff!

  2. 2
    ilarrea

    Kaixo, Patxi:

    Zuk diozun moduan, oso bestelakoa da 4 hilabetez edo 18z eskolan hastea. Are gehiago, haur bakoitza mundu bat da. Horregatik, ezin daiteke “café para todos” egin egokitzapenen gai honetan. Egoera horren aurrean, hobe dugu haur horiekin lanean ari diren profesionalengan konfiantza izan eta euren gomendioak jarraitu.

    Bestalde, guraso moduan ez da erraza egokitzapen delako horri erantzutea. Kontua da Administrazioak haur eskolak bihurtu dituela familia eta lana uztartzeko baliabide nagusi. Beste herrialde batzuetan beste Politika bat daukate, askoz ere aproposagoa gure ustez: amatasun eta aitatasun baja luzeagoak, lana epe batez uzteko baldintza hobeak, diru-laguntzak…

    Gurean, haur eskolei esleitu diegu ardura guztia, tamalez; eta beste Politika bat aldarrikatu barik, askotan nahiago izaten da eskola erruduntzat hartzea, kasu honetan egokitzapenagatik.

    Eskerrik asko zure ekarpenagatik, Patxi!

  3. 3
    idu

    sarri pentsatzen dozue egokitzapena umearentzako baino ez dela eta erratuta zaudete. lehengo leku ezezagun batera egin behar da ziurrenik zaratatxua eta eurentzako lar handia dena.gero ume ezberdin eta ezezagunaren aurrean bere burua kokatu beharko dau bai baina hezitzaileak ere adaptazio prozesua behar du ume guztiak ezetzeko eta gurasoek ere berdin, zuen umea ezetzen ez dozuen pretsona horrekin usteko. suposatzen dot konfiantza denborarekin hemen eta hartzen dela.

  4. 4
    ilarrea

    Erabat ados zure ekarpenarekin, Idu. Helduok ere behar dugu egoera berrira egokitzea. Haurrarengandik lehenengo banaketa ez da samurra guraso askorentzat. Eta hezitzaileok ere behar izaten dugu egoera berrietara egitea. Ez da goxoa haur batek baino gehiagok onartzen ez zaituela ikustea, adibidez.
    Hala ere, konfiantza denborarekin hartzen… edo galtzen da! Denbora ez da gako bakarra. Emandako erantzunen arabera konfiantza edo konfiantza eza nagusituko da. Horregatik azpimarratzen dugu haurrarekiko sentikortasunaren garrantzia, alegia haurren seinaleak jasotzea, egoki interpretatzea eta egoki erantzutea.
    Mila esker zure ekarpenagatik!

Utzi erantzuna ilarrea(r)i Utzi erantzuna