Hazitegi

Kalitatea haur eskoletan

Kalitatea haur eskoletan izenburupean, HIK HASIko lagunek antolatutako jardunaldiak egin dira Durangon eta Donostian. Haur Hezkuntzan eta bereziki 0-3 adin tartean, haur eskolek izan beharreko ezaugarriak izan genituen hizpide. HIK HASIk bere 165. zenbakia plazaratuko du bertan esandakoen inguruan, baina hona hemen gure laburpen apala, kronologikoki antolatuta.

Hainbat berba haurren ongizateaz eskolan. Hazitegiko kideok aurkezpen hau egin genuen:

http://www.slideshare.net/hazitegi/berba-batzuk-haurren-ongizateaz

Irekiera hitzaldia zela kontuan izanik, saiatu ginen zehazten haurraren ongizatearen oinarriak. Horretarako, lehenik, haurraren garapenari erreferentzia egin genion, azpimarratuz haurrak dauzkan potentzialtasunak eta berezkoak dituen gaitasunak. Bereziki zentratu ginen haurraren helduei atxikitzeko, mundua esploratzeko eta berdinkideekin harremanak eraikitzeko berezko gaitasunetan. Bigarrenik, saiatu ginen gaitasun horietatik abiatuta, haurraren potentzialtasunak bultzatzeko haur eskolak egin beharrekoak zehazten, bereziki Haur Hezkuntzan.

Bizi eta ikasi haur txikiekin. Sant Cugat del Vallès-eko Cavall Fort haur eskolako Rosa Ferrerek eta Sant Adrià dels Besos-eko Josep Miquel Céspedes haur eskolako Elia Martinezek eman ziguten euren egunerokotasunean egiten ari ziren lan bikainaren berri, sentsibilitate handiz eman ere. Txalotzekoa iruditzen zaigu Haur Hezkuntzan egiten duten lana, oinarri ezin hobeekin egindakoa izan ere: haurrarekiko errespetu handia, haurrarekiko harremanaren hobespena, familiaren inplikazioa eskolaren egunerokotasunean, eskola eta komunitatearen arteko harremana, haurraren esplorazioa aberasteko modua, espazioaren antolaketa, haurraren autonomia, lasaitasuna, egunerokotasuneko jardueren garrantzia, langile guztien inplikazioa… HIK HASIren 165. zenbakian irakurri ahal izango dugun bezala, Kataluniako bi haur eskola horiek eskola baino gehiago dira, haurtzaroaren arretarako eta ongizaterako zentrotzat ere hartu behar dira; azken batean, euren antolaketa herri mailakoa baita eta saiatzen baitira osotasunean erantzuten haurtzaroaren beharrei.

Kalitate eredu proposamena 0-3 eskoletarako. Lizarrako Arieta haur eskolako zuzendaria den Txusma Azkonak aurkeztu zuen 0-3 eskolen kalitatea ebaluatzeko eredu proposamen bat. Proposamen horretan zehazten dira kalitatezko haur eskola batek izan beharreko elementuak. Tresna hori erabat baliagarria da haur eskola bakoitzak bere ebaluazioa egiteko eta hobetzeko alderdiak identifikatzeko. Hain zuzen ere horixe bera aldarrikatu zuen Txusmak, planifikatzea, egitea, aztertzea, hobetzeko proposamenak egitea eta berriz ere prozesu horri hasiera ematea. Tresna aurki argitaratuko da gaztelaniaz eta euskarazko bertsioa ere hemendik gutxira eskuragarri egongo da.

Amaitzeko, mahai-ingurua ere egon zen eta eztabaidagai izan ziren, besteak beste, 0-2, 0-3, 2-6, 0-6 banaketa, Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntza, Jaurlaritzak bultzatutako haur-etxeak egitasmoa… Horren guztiaren berri izateko HIK HASIren 165. zenbakia plazaratu arte itxaron beharko dugu. Zenbaki hori irakurtzea oso gomendagarria izango da Haur Hezkuntzaz hausnartu nahi dugun guztiontzat. Pazientzia, beraz.

Exit mobile version