Hazitegi

Haur eskola: gauez ere zabalik

Zer iruditzen zaizue haur eskolak gauez ere zabalik egotea? Eta asteburutan? Eta asteburu gauetan? Haur Hezkuntzaren printzipioekin bat dator aukera hori? Gurasoen parranda bultzatzeko-edo, Bilboko parrandagune ezagunetariko batetik gertu, “guardería” batek egingo omen du hori. Azaroaren 21eko Deia egunkariak zekarren berria: La primera guardería nocturna de Bilbao abre sus puertas en diciembre. Albiste hori irakurri eta gero, Hazitegi taldeko bi kidek – Alexander Barandiaranek eta Zaine Rekondok – beren iritzia agertu nahi izan dute.

Tratu txarrei “iniciativa pionera” deritze Bilbon

Irailaren 27an, “heldu” infantilen inguruan idatzi nuen eta nire kezka azaldu nuen gure gizarteak aspaldi hartuta zuen bidearen inguruan. Atzo email bat zabaldu eta hara non aurkitzen dudan Deia egunkarian azaldutako berri oso interesgarri bat: “Iniciativas pioneras en Bizkaia. La primera guardería nocturna de Bilbao abre sus puertas en diciembre. La iniciativa pretende facilitar el ocio de los progenitores, atendiendo a los niños toda la noche”.

Orain dela gutxi lankideen artean batek esaten du Bilboko hainbat jatetxetan umeak ezin direla sartu. Gaur lanera nentorrela nire buruari galdetu diot ea gizakiok dakigun nora goazen, ea konturatzen garen zein gizarte ari garen eraikitzen, ea benetan non dugun kontzientzia… Halako berriak normaltzat hartzen baditugu, zer izango da hurrengoa? Gurasoak gau osoa parrandan joateko beraien umeak “uzteko” kapaz badira, esanez “para los pequeños pasar una noche fuera es como una excursión”, galdetu beharko genuke zer egiten ari garen gaizki. Oso argi daukat gizarte baten isla dela haurtzaroa tratatzeko modua. Geurea antza gero eta gaixoagoa dago. Gure gizartea birplanteatu beharko genuke, benetan, berandu izan baino lehen. Formazioz psikologo klinikoa naiz eta argi daukat gizarte eredu honek psikosi kolektibora garamatzala, azkenean benetan sinetsiko dugu -eldarnio eta haluzinazioetan gertatzen den modura- sortu duguna edota sortzen utzi dieguna benetakoa dela.

Barkatu norbaitek ulertzen ez badu esan behar dudana baina halakoak gauzatzen badira haurrek tratu txarrak jasango dituzte bide askotatik. Batetik gurasoen partetik. Horrelako ekintzak oraindik heldutasun psikologikora iritsi ez diren gurasoak egiten dituzte. Zure beharra duen haur bat duzunean, ez duzu zure interesa lehenesten, bere beharrei begira zaude, eta sortu duzun gizakiaren erantzule egiten zara, hau da, heldutasunaren funtsa norberak egiten duenaren erantzule izatea da. Parranda denoi gustatzen zaigu eta noizean behin ere egiten dugu beti ere umearen segurtasun psikologikoa bermatuz.

Bestetik “guardería” hori zabaldu duten profesionalen partetik. Barkatu baina lan batzuentzako denok ez dugu balio. Halako planteamendu bat duen pertsona bat ez dago pentsatzen haurrengan, agian bere jatekoan, agian dirua egitean, baina ez haurren ongizatean. Hezitzaile-irakasle edo haurrekin lan egiten duen orok behar du sentikortasun minimo bat, hau da, umeengan pentsatzea.

Baina haratago ere joan nahi nuke, instituzioek “guardería” hori zabaltzea baimendu badute beraiek dira tratu txar horien erantzule. Zertan pentsatzen ari dira? Ez da beraien funtsa haurren eskubideak bermatzea? Zer egingo dute haurrak izututa, beldurrez, ezer ulertu gabe daudenean. Ni ere izututa, beldurtuta nago, gizateriaren  deshumanizazioa ikusita.

Alexander Barandiaran.

http://www.flickr.com/photos/deboni/2959228565/

Eduardo Deboni-ren argazkia.

Zain dezagun haurtzaroa

Harritzeko gaitasuna galtzen ari ote garen beldur naiz, sentsazioa dut gero eta zailago bilakatzen ari dela ekintza batekin asaldatzea edo belarriak gorritzea. Abenduan irekiko omen ditu ateak Bilbon gaueko zerbitzua eskaintzen duen lehendabiziko haur eskolak.

Eguberrietan sartzear gauden honetan, telebista eta kaleak opari eskaintzaz betetzen diren urte sasoi honetan, zergatik ez proposatu haur txikienei euren gurasoekin, aitatxo eta amatxorekin, egonaldiak egiteko hainbat ordutako txartelak? Denda handietan egin daitekeen antzera, zergatik ez oparitu haurrei etxekoekin denbora pasatzeko aukera? Agian norbait mindua sentituko da, eta ez da nire asmoa; alabaina, asaldatzeko gaitasuna landu beharra dagoela pentsatzen dut. Gure buruarekin bezala inguratzen gaituzten pertsonekin pentsatuta, denboraren erabilerari buruzko hautuak egitea garrantzitsu bezain beharrezkoa delako.

Eta agian txarrena ez da gaueko zerbitzua eskaintzen duen haur eskolarena; egun bizi gaituen jendarte eredu honetan zaila dirudi bizitza pertsonala, soziala eta lana bateratzeak; hau, ordea,  ez da arrazoi nahikoa umeak beti guraso edo familiaren beharren arabera funtzionatzera behartzeko, haurraren beharrekin pentsatu eta horietara ere egokitzeko ahaleginak egin beharko dira. Kaltegarriena, agian, geure bizitzatan sortu ditugun askotariko behar eta dependentziak dira; gauez ateratzeko beharra edota  bikaintasunerako beharra, adibide soilak baino ez dira. Seguru asko haur eskolara gauez umea eramanen du bestelako aukera edo baliabiderik ez duenak, familia sarerik edo antzekorik ez duenak, harik eta ematen baitu familia bat eratzearen hautua norberarena izan dela ahanzturan geratu dela.

Egunotan, HUHEZIko lankide ditudan irakasle batzuek idatzitako liburua dut irakurgai. Haurra eta haurtzaroaren ongizateari buruzko ideia interesgarri bezain garrantzitsuak lantzen dira bertan, atxikimenduaren teoria edo gaia horietako bat. Atxikimendua, finean, lotura jokabidea da, umearentzako garrantzitsuak diren pertsonekiko hurbiltasuna, arreta, zaintza, mimoak… bilatzea da. Gaua, umearentzat, oso une berezia izanik, mamuak berpiztu daitezkeen egunaren zati horretan atxikimendu jokabidea bereziki aktibatzeko tenorea izango da; hau da, gaua, loa eta nekearekin batera, batzuen kasuan beldur-egoera ere agertuko den unea izango da. Eta zer gerta daiteke une garrantzitsu horretan umeak atxikimendu figurarik topatzen ez badu? Neurri batean umea utzia sentitzen bada?

Umearentzako garrantzitsua den pertsona edo pertsonen urruntzeak haurraren bestelako jokabideen eraikuntzan eragin zuzena izango du. Are nabarmenagoa, haurtzaroa eta batez ere lehen urteak, umearen eraikuntza pertsonal eta sozialaren eraikuntzarekin zerikusi zuzena duen aldia dela kontutan hartzen badugu, lehen lerrokoa da umearen erritmoak errespetatzea eta honek bidaltzen dizkigun seinaleei adi egotea. Baldintza egokietan eta kalitatean garatuko den eraikuntza bultzatu nahi badugu, ohar gaitezen zenbaterainoko garrantzia duen, eta garrantzia baino lehentasuna duen, gu geu partaide garen jendarte ereduarekin hausnartzea, bai eta gizarte honen etorkizuna diren  hazi txiki horiekin guztiekin pentsatzea ere. Askeak, osasuntsuak eta zoriontsuak izanen diren umeen defentsa jomuga, zain dezagun haurtzaroa.

Zaine Rekondo.

Exit mobile version