Zer oparituko dit Olentzerok?


Abendu guztietako ohitura bihurtu da Olentzerori laguntzea inguruko haurrentzako opariak erosten. Oparia aukeratzeak buru-hausteak ekar ditzake: zein da aproposena haurrarentzat? Zerk bultzatuko du haurraren garapena? Zeri aterako dio etekin gehien?… Idoia Linaza Mondragon Unibertsitako Hazitegiko kideak gai hori hizpide izan du eta opariak hautatzeko gomendio interesgarriak iradokitzen dizkigu.

Zer oparituko dit Olentzerok?

Ikerrek lau urte ditu eta xakean jokatzen du. Baina Iker ez da gaindotatua, are gehiago ez du xakearen araurik ezagutzen. Baina amama Mari eta amama Karmenekin elkartzen denean, hirurek xakean egiten dute. Ikerrek peoiak, zaldia, errege-erreginak… tableroan jartzen ditu eta dadoa botata kontatzeari ekiten dio. Esan behar da dadorik ere ez duela, kontaketa eskua eraginda egiten du eta berari une bakoitzean sortzen zaion zenbakia esaten du (zenbakien muga da dadoak dituen zenbakiena) ondoren, nahi duen pieza mugitzeko. Era horretara ematen dituzte zenbait arratsalde biloba eta amama biek.

Askok uste izango duzue hori ez dela jokatzeko era zuzena baina inork esan dezake ez direla jokatzen ari? Eta zer da garrantzitsua arratsaldeko tarte horretan? Xakean ondo aritzea? Tira, amonak eta bilobak jolasten ari dira, egin dezaketen jarduera garrantzitsuenean ari dira!

Hedabideetan hasi dira jada hainbat jostailuen berri ematen. Hobeto esanda, jostailuen aurkezpenak etengabe ari dira errepikatzen, erarik koloretsuan, liluratsuenean eta modurik ugarienean. Jostailu denak ahalmentsuak dira: horrek hau egiten duela, beste horrek hainbat erabilera dituela, hango haiek transformatzen direla… Ondorioz gure txiki guztiak liluratuta daude Olentzerori eskatu behar dioten guztiarekin. Guraso eta beste nagusiak ostera, arduratuta jostailurik onena aukeratu nahian.

Baina zertarako dira jostailuak? Zalantza daukat galdera hori ez ote dugun sekulan egin eta are gehiago, erantzuteko tartea ez dugula hartu ere. Behin baino gertatu izan zaigu jostailurik erakargarriena oparitu ondoren gure haurrek orduak eta orduan ematea kutxarekin jolasean… eta zergatik? Kutxak ditu erantzunak.

Regalos Zen Gifts

Punki-ren argazkia.

Haurrek ez dute behar azken orduko jostailurik sofistikatuena, bakarrik ibiltzen dakiena, argi dirdiratsuak jaurtikitzen dituena… Akaso, nobedadeak eraginda maitatu izango ditu une batez, bateriak irauten duen arte behinik behin. Jostailuak bitartekariak dira haurrentzat: esploratzeko grina ahalbideratzen diete, lagungarriak dira bere interesa pizteko, hau da hipotesiak egiten ahalbideratzen duen edo ez, ikertzaile sutsua izaten bultzatzea ahalbideratzen duen edo…

Baina nola jokatu oparien eskaintza erraldoi horren aurrean? Ondorengoak kontuan hartzea lagungarri gerta dakiguke gure aukera egiteko:

1-   Haurrarentzat oparirik preziatuena berarekin jolastea da. Baina non jolastu? Ez dago leku bakarra, etxeko logela edo egongela bezain garrantzitsua parkea, plaza, mendia, basoa… dira. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta haurraren garapen osokorako baliagarriak eta beharrezkoak.

2-   Haurrak berezkoa du jakiteko gogoa. Eta horretarako testuinguru aberatsa eskaini behar diegu bere jakin mina pizteko. Nola egin, ordea? Bere jakin-mina piztuko duen jostailua (edo objektuak, edo animaliak, edo landareak, edo tokiak…) eskainiz eta era berean sakontzeko aukera ematen diona.

3-   Haurrak ikasteko grina erakusten du etengabe, kuriositateak bultzatuta. Gauzak deskubritzeak gozamena dakar. Beraz, jostailuak horretarako baliagarriak izan behar dira ere.

4-   Jolasteak berdinkide eta nagusiaren arteko esplorazioa eta komunikazio funtzioak ahalbideratzen ditu. Beraz, jostailuak ere horretan lagundu beharko luke, ez luke haurra isolatu behar bere jolasean.

Eguberrietako argiekin batera kaleetan hainbat pertsona ikusten ditugu haurrentzat eta gainerakoentzat opariak erosten. Haurrentzat erositako jostailu kutxatan honako instrukzioa erraldoia erantsiko nuke: Haurrak bakarrik jolasteko ez; berdinkide eta helduekin jolasteko.

Hori dela eta elkarrekin izandako elkarrizketa luzeetan Ikerrek esaten die amonei, nagusia denean, kotxe gorri-gorria erosiko duela, deskapotable horietako bat eta barruan amama Karmen eta amama Mari baino ez dituela eramango munduuuuuuua ikuuussssssstera!!!!!!!

Zuek ere amama Karmen, amama Mari eta Ikerrekin jolasteko prest?

Idoia Linaza.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu