Kalitatea Haur eskoletan; kalitatea Haur Hezkuntzan eta, bereziki, 0-3 adin tartean. Horixe izan genuen hizpide Durangon eta Donostian HIK HASIk antolatutako jardunaldietan. Orduantxe esandakoak jaso ditu HIK HASIren 165. zenbakiak. Jardunaldien kronikaz gain, bi artikulu eskaintzen zaizkio gaiari:
Berba batzuk haurraren ongizateaz eskolan. Izenburu hori jarri genion gure aurkezpenari. Artikulu honetan ageri da Hazitegiren ikuspegia haur eskoletako kalitateari buruz, alegia “haurraren ongizatea dela haur eskolen kalitatearen adierazlerik behinena“. Horrez gain, haurraren berezko gaitasunak oinarritzat harturik, haur eskola aldarrikatzen da garapen-testuinguru garrantzitsutzat.
Bizi eta ikasi haur txikiekin. Rosa Ferrer eta Elia Martinezek eginiko hitzaldiaren zenbait zertzelada ematen dira artikulu honetan. Bertan, Cavall Fort eta Josep Miquel Cespedes haur eskola kataluniarretako esperientzia jasotzen da. Zenbait ideia ematen dira: eskola eta familien arteko harremana, hezitzaileen arteko talde-lana, behaketa eta dokumentazioa, espazio eta denboraren antolaketa, haur eskolaren izaera eta funtzio soziala…
Benetan interesgarria da Herrialde Katalanetako haur eskola horien esperientzia. Horregatik, benetan interesgarria da 165. zenbaki hori irakurtzea. Dena den, are interesgarriagoa da HIK HASIk luzatutako eskaintza: apirilean Kataluniako besteak beste eskola horiek bisitatzea eta Infancia aldizkariko zenbait lagunekin elkartzea. Informazio gehiago nahi baduzue, jo zuzenean HIK HASIko kideen webgunera. Kalitatea haur eskoletan nola gauzatzen den ikusteko aukera paregabea izango da, ziur!