Hazitegi

Oportoaren ajeak

Uda honetan Oporton (Portugalen) izan gara European Early Childhood Education Research Associationek urtero ospatzen duen konferentzian. EECERA da elkarte independente, autonomo eta intentzionala sustatzeko eta hedatzeko Haur Hezkuntzaren ikerketa diziplina anitzetan. 22. edizioa izan da aurtengoa eta ondorengoa izan da konferentziako gai nagusia: Jaiotza-aurretik hiru urtera arte: identitateak, ikaskuntza, aniztasuna. Edonola ere, konferentzian Haur Hezkuntzarekin lotutako gai askotako hitzaldiak aurkeztu dira. Horietako bakoitzaren ildo nagusia ezberdina izanda ondorengo azpi-gaietan antolatuta ospatu dira:  

Policies for under three’s education and care; Under three’s learning and development; Brain development; Play; Staff development for the education of birth to three; Educational programs continuity (0-3 and 3-5); European/international overviews on policies, research, practices, teacher education, professionalism; Early education and diversities; Innovative educational programs: philosophy, practice, research; Longitudinal studies; Home-center transitions; Transitions between crèche (0-3) and preschool (3-5); Families involvement; Communities involvement; Research paradigms; Praxiological research; Teacher education and workforce development; Project work; Participatory pedagogies (0-6); Pedagogical documentation (0-6); Learning portfolios (0-6); Children perspectives about school (0-6); Children perspectives about life (0-6); Pedagogical approaches for early years learning (0-6).

Bistakoa da konferentzian gai ezberdin ugari izan direla hizpide beti ere Haur Hezkuntza izanik eragin-gunea. Hitzaldi eta eztabaida ezberdinak aurkezteaz bat interes bereziko taldeen baitan ere antolatu dira mahai-inguruak. Interes gune ugari eta erakargarriak asko baziren ere, Hazitegiren arreta deitzen du talde batek bereziki: Outdoor play and learning taldeak.

Outdoor play and learning taldeak antolatutako eztabaida taldeetan parte-hartzeko aukera izan dugu. Bertan kanpo espazioaren erabileraren garrantzia azpimarratzen da ikuspegi askotatik. Alde batetik, bada mugimendu garrantzitsu bat kanpo espazioaren ezaugarriekin identifikatzen dena. Hots, mugimenduan eta jarduera fisikoan oinarritutako jolasa ikusten dute haur hezkuntzarako ezinbestekotzat. Eta horren ildotik saiatzen dira zehazten haur hezkuntzako kanpo espazioaren antolaketa estrukturalak nola eragin dezakeen haurrengan, besteak beste. Horretarako jarduera fisikoaren intentsitatean jartzen dute foku berezia eta hura neurtzeko azelerometro eta GPSak dira gehien erabiltzen dituztenak.

Bestalde, ikusi dugunaren arabera, Europan egiten diren kanpo espazioko pedagogiaren ikerketek hezitzaile eta haurren arteko harremanetan jartzen dute arreta. Paradigma honetatik planteatzen diren ikerketek aztertzen dute hezitzaileek zer nolako esku hartzea duten umeen garapenean eragiteko, zehazkiago esplorazioa sustatzeko, ongizatea bermatzeko. Ikuspegi honek ere badu lotura estua arriskuaren hautemate eta kanpo espazioko jolasaren esanguratasunarekin. Hari horretatik ikusi da batez ere aztertzen dela haur hezkuntzako irakasleek arriskuaz duten pertzepzioaren inguruan. Eta horren ondorioz, Haur Hezkuntzako irakasleek kanpo espazioaz egiten duten erabileraz.

Talde honen ikerketa lerroak ikusirik, esan daiteke bi foko nagusi daudela: kanpo espazioaren ezaugarriak versus kanpo espazioaren erabilera. Hazitegitik gure testuinguruan biak ikertzea ezinbestekoa dela antzematen dugu. Hala ere, EECERAk antolatutako konferentzian izandako EZTABAIDAN oinarrituz, post honetan erabilerari edo alderdi pedagogikoari so egingo diogu.

Ikertzaileen lanen ondorioak zentzu horretan paradoxikoak zirela topatu genuen. Batzuk kanpo espazioaren programazioaren aldeko ondorioak ateratzen zituzten bitartean, beste batzuk kanpo espazioaren programazioaren aurkako ondorioak lortu zituzten. Hortaz, eztabaida sakonagoa dela iruditzen zaigu. Kontua ez da programazioa bai edo ez. Kontua da zelan ulertzen dugun hezkuntza eta hezkuntzaren funtzioa zein izan beharko litzatekeen argitu beharra dagoela.

Hezitzaileon lana -bai barne bai kanpo espazioan- umeen garapena eta ongizatea sustatzea da. Eta horretarako testuinguru aproposak, egokiak, hezitzaileak antolatu behar ditugu. Gu ez gara ezagutzaren transmisoreak, guk ez ditugu umeen galderak erantzun behar, euren galderen erantzunak aurkitzeko biziko duten prozesuaren bidaide izan behar gara. Hortaz, ez ginateke hainbeste arduratu beharko programazioekin, programazioen atzetik dagoen ikuspegia tradizionala baita. Programazio batekin bilatzen ohi dena hezkuntzan eduki edo jakintza batzuen transmisioa da, errepikapenen bidezko memorizazioa alegia. Horrez gain, Watamurak bere ikerketa batzuetan agerian utzi du estrukturatuegiak diren testuinguru pedagogikoak, hots, programazio oso itxiak eta malgutasunik gabekoak estresagarriak izaten dira umeentzako, erritmoen errespeturako oztopo direlako, umeak behartuta daudelako jarduera konkretu batzuetan murgiltzera edo beste umeekin sozializatzera aintzat hartu gabe zein den euren egoera emozionala.

Hori dela eta, hezteko prozesurako dauzkagun oinarriak gelarako zein kanpo espaziorako berberak izan beharko lirateke. Hezitzaileok pentsatu beharko genuke zer nolako eskaintza espaziala eta materiala egin behar diegun umeei euren beharrak ase ditzaten. Horri begira bagaude, kanpo zein barne espazioaren ezaugarri estrukturalak kalitatezkoak izango dira. Baina horrez gain, pentsatu behar dugu gure interbentzioan eta erabaki zer izan nahi dugun: transmisore? bidaide?

Ikertzaile batzuk kanpo espazioaren erabileraren inguruan ikertzen dutenean erreferentziatzat hartzen dute barruko espazioa, hau da, gela. Baina gelan egiten dena egokia da pedagogikoki? Bat egiten du Haur Hezkuntzan ditugun helburuekin?

Hazitegikoen ustez begiradak alderantzizko norabidea izan beharko luke. Kanpo espazioaren antolaketarako gela erreferentziatzat hartu beharrean, herrialde batzuetan behintzat, barne espazioaren antolaketarako, kanpo espazioa izan beharko litzateke eredua.

Azkenik, aipatzekoa da gero eta garrantzi gehiago hartzen ari direla haurren beraien ahotsak. Alegia, ikerketek geroz eta interes handiagoa dute haurren parte-hartzean. Ikerlariek bilatzen dute haurrek deskribatzea eta azaltzea zeintzuk diren haien nahiak. Hezkuntzan horretara aspaldi moldatu bazen diskurtsoa, zergatik ez ikerketara? Haurrentzat erakargarria den kanpo espazioa nolakoa den jakin nahi badugu, esaterako, nor hobeto haurra bera baino, hori deskribatzeko? Ikerlari ezberdinek, euren emaitzen fidagarritasuna auzitan jarriz (haurrek erantzun egokiaren bila ibil daitezkeelako), erakutsi dituzte mahai ingurutan haurrei egindako elkarrizketak, bideo grabaketak edo haurrek beraiek kanpo espazioan egin dituzten argazkiak. Eta horiek izan dira beraien ikerketetan abiapuntu nagusia.

Beraz, horiek izan daitezke konferentzia honetatik atera ditzakegun ondorioak eta hausnarketarako uzten dugun gaiak: kanpo espazioan programazioen beharrik ba ote dago? ikerketan ere eman behar al zaie haurrei ahotsa?

Exit mobile version