Haur Hezkuntzaren esparruan, Katalunia beti izan da erreferentziazko herrialde bat. Oso bestelako arrazoiak egon dira erreferentzialtasun hori aitortzeko: haur eskola batzuen esperientzia arrakastatsuak, Rosa Sensat moduko irakasleen erakunde eredugarria, erreferentziazko autoreak, argitalpen zerbitzu entzutetsuak, irakasleen prestakuntzarako eskaintza zabala… Horregatik, aspalditik gogotsu geunden hango Haur Hezkuntza bertatik bertara ezagutzeko. Azkenean, abenduan, 3 egunetako ikasbidaia egin genuen. Ikasbidaia diogu, ikasteko eta ideia berrien inspiraziorako bidaia izan zelako. Blog honetan, ikusi eta ikasitako batzuk partekatzen saiatuko gara. Hona hemen lehendabiziko sarrera.
Bisitatutako lehenengo zentroa Marta Graugesek sortutako Gira-Sol bizi-espazioa izan zen. Bizi-espazio moduan definitzen da zentro balioanitza delako. Goizez, 1-3 adin tarteko haurrentzako “eskola” gisa funtzionatzen du; arratsaldez, berriz, 3-8 urtekoentzako jolas espaziorako. Baina, bi funtzio horiez gain, oso bestelako ikastaroak eskaintzen zaizkie helduei.
Berezitasun horretan, benetan deigarriak dira Gira-Sol-en espazioaren konfigurazioa eta materialen aukeraketa. Graugesen esanetan, espazioa eta materialak aukeratu dira haurrek euren potentzialtasun guztia atera ahal izateko moduan. Horrek dakar gelak berak haurrei aukera anitzak ematea, tartean mugitzeko aukera. Berrikuntza esanguratsua da hori, zentro askotan, haurren mugimendurako aukera mugatuta baitago psikomotrizitate gelara edo jolastokira.
Mugimendurako aukeratik haratago, esanguratsuak dira hautatutako materialak: egurra nonahi; infantilismo txepelik gabeko marrazkirik gabe; estereotipoetatik urrundutako material naturalak; jolas sinbolikorako nahi beste aukera ematen duten gehiegi definitu gabeko materialak… Argazkian ikus daitekeen bezala, toki berezi bezain zaindua.
Gira-sol bisitatu eta gero, Quart herrira jo genuen, bertako eskola berrira: Nou de Quart. Eskola berria bada ere, aurre fabrikatutako eraikin batzuetan kokatutako 3 urtetik gorako haurrak jasotzen dituen eskola da. Aurre fabrikatutako eraikinetan, aldez aurretik ondo pentsatutako eskola da. Carmen Ternero zuzendariaren esanetan, Freineten ekarpenetan oinarritutako hezkuntza proiektua dute. Gogoan izan dezagun Freinetek aldarrikatzen zuela, besteak beste, haurren autonomian eta bizipenetan oinarritutako hezkuntza. Ikusitakoagatik, esan dezakegu eskola koherentea dela ikuskera horrekin. Batetik, haurrei aukera ematen zaie euren interesekin bat datozen ekintzak aukeratzeko. Bestetik, oso bestelako bizipenetatik igaro behar izaten dira haurrak: elkarrekin gosaria egitetik edo elkarrekin basora joatetik, ordenagailu zaharrak zatikatu edo zurgintzarekin lotutako esperimentazio ekintzak aurrera eramatera. Azken horiekin lotuta, azpimarratzekoa da eskolak berak era horretako ekintzak aurrera eramateko daukan gela. Esan dezakegu inoiz ez dugula ikusi zurgintza, ordenagailuen zatikatzea eta antzeko ekintzak aurrera eramateko hain ondo hornitutako espaziorik.
Nou de Quarteko proiektuarekin amaitzeko, ezin dugu ahaztu eskolaren sorreratik indarrean egon den elementu bat: komunitatearekiko eta bereziki familiekiko elkarlana. Elkarlan horren isla da eskolaren izena bertako haur baten aitak proposatu eta komunitateak berak bozketa bidez onartutakoa izatea. Baina sorreratik haratago, egunerokotasunean ere beren tokia dute gurasoek eskolan: ipuinak kontatzera joaten, euren esperientziak kontatzen, bizipen ekintza horietan parte hartzen…
Esperientzia interesgarriak dira Gira-sol zein Nou de Quartekoak, baina ez ikusitako bakarrak. Aurki jarraituko dugu ikasbidaiak emandakoarekin.