Gaur egun, orain arte gertatu izan den moduan, askotan pentsatzen dugu umeak hau eta hori ikasi egin behar duela, eta fokua edo arreta ikaste horretan jartzen dugu. Antza, umeak dena ikasi behar du, ez du pertsonok gizaldietan zehar erakutsi dugun jakituriarik ekartzen mundura. Nahastuta gaudela esango nuke. Guk arreta garapenean jartzen dugu, ez ikastean. Iruditzen baitzaigu fokua ez bada garapenean jartzen eta bai ikastean, instrukziora oso erraz pasa gaitezkeela -hori da eskolak eta komunitateak egin izan dutena tradizionalki-. Maiz, garapena bultzatze hori alde batera uzten dugu, eta ahaztu egiten dugu mundu honetan pertsona moduan garatzeko gaudela.
Ahaztu gara umeak berezkoa duen naturaltasun horretaz, nahi duguna da bizi dugun gizartera egokitze dadin. Gizarte honetara egokitzea astakeria bat da! Hau gizarte gaixo bat da, orokorrean esanda, jende asko ez dago ondo: angustiak (beldurra) jota dago, estresak jota… Desegokitze maila bat erakusten ez duena galduta dago.
Umea ez badugu modu natural batean ikusten, ikasi eta instruitu egin behar dugula uste badugu, azkenean, behartu egiten dugu: ikasi behar du jaten, ikasi behar du lo egiten, ikasi behar du besteak errespetatzen, arauak barneratzen… mila gauza. Eta hori ez da kontua.
Gehiago irakurri nahi baduzu: http://www.hikhasi.com/albistea.php?id=725