Hazitegi

Tallingo haizeak

Udako oporrei amaiera emateko, Hazitegiko kideok Tallinen, Estonian, egon gara European Early Childhood Education Research Associationek (EECERA) urtero abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran antolatzen duen konferentzian.

Urtero urtero, Haur Hezkuntzako 600 aditu inguru biltzen ohi dira. Bertan, ikertalde ezberdinen azken lanen berri ematen da eta Haur Hezkuntzaren inguruko hainbat hausnarketa sustatzen dira.

Aurtengo kongresutik azpimarratuko genukeena zera izan da: Haur Hezkuntzaren kalitatearen inguruan bultzatutako eztabaidak. Egia da Haur Hezkuntzako kalitateaz aritzen garenean aditu bakoitzak aldagai edo alderdi ezberdinak aipatzen ditugula. Honen zergaitia da bakoitzak marko ezberdin batetik abiatzen garela. Horren haritik, aditu talde batzuek aldarrikatu dute Europak Haur Hezkuntzako kalitatearen marko propio baten eraikuntza. Orain arte, gehienok Estatu Batuetako eredua oinarritzat hartu dugu. Baina eredu hori baliagarria izan arren, beste testuinguru batean sortua da.

Horrez gain, orain arte ikertzaileok aintzat hartu ditugun markoak kalitate zehatz batean jartzen du arreta, ikusgarria edo ikuserraza den kalitatean hain zuzen ere. Ikugarria den kalitatearen barruan sar daitezke ondorengo aldagaiak: ratioak, espazioa, umeen esplorazioa, hezitzaile-ume interakzioak, ume-ume interakzioak… eta abar.

Baina badaude beste aldagai batzuk hain ikusgarriak ez direnak, eskola-irakasle talde-gelako prozesuetan kokatzen direnak, alegia. Hauek irudikatzeko ondorengo adibideak baligarriak izan daitezke: irakasleen pertzeptzioak, pentsamenduak, ekipoaren kohesioa, ekipoan dagoen giroa, lan egiteko kultura… eta abar.

Beraz, hain ikusgarriak ez diren aldagaiak identifikatzea eta horietan eragiten hastea erronkatzat hartuko dugu.

Eskola baten zukua bertan, ikuserrazak ez diren algaietan, kokatzen baita, ikusgarriagoak diren aldagaiak eskolako edalontzia den bitartean.

Azkenik, Hazitegikoek, bertan, komunikazio bat aurkeztu dugu: “Promoting quality care. An intervention programme based on improving caregiver’s sensitivity at child care centre”.

Komunikazioak oso harrera ona izan du, Europa mailako beste ikertalde batzuk, Helsinkiko Unibertsitateko adituak, hain zuzuen ere, antzeko lanetan dabiltzatelako. Hortaz, etorkizunean eurekin elkarlanean jarduteko asmoa dugu.

Exit mobile version