Hazitegi

El Martinet eskola: askatasunetik ongizatera

Lehenengo asteburuan izan zen Bartzelonako Ripollet herriko El Martinet eskolak urtero moduan bere eskola aurkezteko antolatutako jardunaldia. Bertan egoteko aukera baliatu genuen zer nolako lan itzela egiten duten ikusteko. Beraien aurkezpenean argi geratu zen lan handia egin dutela beren proiektua eraikitzeko.

Jardunalditik harago, astelehenean, eskolako bizimodua bere horretan usaintzeko aukera izan genuen. Asko dira azpimarratzeko elementuak baina dena ezin da kontatu. Zerbait azpimarratzekotan, guretzako garapen osasuntsuan klabea den gai bat atera nahi dugu argitara. Askatasunaz ari gara.

Askatasunez, umeak aukera du bere interesekoa den proposamenaz gozatzeko. Helduak ez dio esaten zer egin behar duen, noiz eta nola. Irakasleen lana izugarria da, umeari egokitutako proposamenak pentsatu eta aurkezteko, 60 dira hain zuzen haur hezkuntzan. Barruko eta kanpoko espazioetako proposamenak esanguratsuki prestatuak daude, umeak nahi duenean erabil ditzan. Haurrak libreki doaz batetik bestera.

Zer da astelehenean usaindu genuena? giro lasaia, naturala, pertsonen arteko elkarrekintzez osatua. Batez ere umeen artean, bikoteka, laukoteka, hemen eta han, denak bizitza dastatzen, momentuari zukua ateratzen, disfrutatzen, alai. Aurrez zehaztasun osoz prestatutako giroek ematen duten askatasunezko aukerak baliatuz, pertsonaren duintasuna azaleratzen da eta argi ikusten da lehentasuna umearen ongizatea dela. Hara hor eskolako helburu garrantzitsuena, lortuta.

Exit mobile version