Hazitegin jasotzen ditugun aholkularitza eskaera batean, Haur Hezkuntzan ebaluazioa lantzekoa heldu zitzaigun Elorrioko Txintxirri ikastolatik. Haur Hezkuntzako etapako bileretan askotan errepikatzen zen kezka izanik, ebaluazioaren inguruko hausnarketa prozesu batean murgiltzeko beharra ikusi zuten. Horrela bada, lanketa abiatu genuen; zer ebaluatu behar dugu Haur Hezkuntzan? Zertarako ebaluatu, eta zein dira finkatu beharreko helburuak? Eta nola ebaluatuko dugu? Zein tresna erabil dezakegu? Noiz ebaluatuko dugu?
Eztabaida eta hausnarketa prozesu horrek hainbat erabaki hartzera bultzatu ditu Txintxirri ikastolako profesionalak. Abiapuntu bezala, ados daude bi esparru bereizi behar dituztela; barrura begirakoa eta kanpora begirakoa. Alde batetik, beraientzat profesional bezala, hobekuntzak txertatzeko eta erabakiak hartzeko baliagarria izango den ebaluazioa dago; eta beste aldetik, gurasoei zuzendu beharreko informazioa dago, beraien haurraren garapen prozesuaren inguruan.
Barrura begirako ebaluazioak lagunduko die beraien hezkuntza eskaintza erregulatzen, ebaluazioaren fokua beraien buruarengan jarriaz. Zer da guk haurrari eskaintzen dioguna eta zein da horrek haurrarengan sortzen duen inpaktua edo erantzuna? Kanpora begirakoan aldiz, gurasoei gaitasunez beteriko haurraren irudia eskaintzea eta garapen prozesuan ezinbestekoak diren jokabideen azalpenak ematea ezinbestekoa dela ikusi dute.
Horrela bada, Txintxirri ikastolako Haur Hezkuntzako ekipoak proposamen ausarta jarri du abian. Informeak eta txostenak alde batera utzi eta bideo grabazioak eta argazkiak erabiltzen hasi dira ebaluazioa egin ahal izateko. Ondorio nagusiena irakasle eta gurasoen begirada aldaketa izan da, haurra ikusteko eta ulertzeko moduan. Â Proposamenak harrera beroa izan du, eta gurasoak zein irakasleak benetan gustura daude. Balorazioa beraz, positiboa izan da.