Jolas arriskutsua


Hilaren hasieran ospatu zen EECERA erakundeak urtero antolatzen duen kongresua. Bertan, nazioarteko hamaika ekarpen entzuteko aukera izan genuen. Haur Hezkuntzarekin lotutako gai ugari jorratu ziren: haurraren garapena, irakasleen praktika gogoetasua eta beren esku-hartzea, espazioen diseinua, kanpo espazioen erabilera… Azken gai horren harira, helduok sarritan ondo bizitzen ez dugun alor bat nabarmendu zen: jolas arriskutsua.

Kongresuan haurrak jolas arriskutsua bizi izateko beharra aldarrikatu zen. Bere garapenerako, haurrak erronkak dakarzkioten egoerak bizi behar ditu. Erronkak lotu daitezke jolas arriskutsuaz, arriskua ulertuta ikuspegi erabat positibotik, konfort egoeratik mugitzera eramaten duen arriskutik alegia.

* By Mitch

Jolas mota horren erronkek haurra bere onena ateratzera daramate. Arrisku egoerek haurrari aukera ematen diote bere beldurrak auto-erregulatzeko, bere gaitasun guztiak (motorra, kognitiboa…) neurtzeko… Horregatik, helduok, irakasle zein gurasook, gehiegizko babesa saihestu behar dugu. Gehiegizko babesaz ulertzen dugu haurraren interesetatik abiatutako jolasa oztopatzea. Sarritan darabiltzagu horrelako esamoldeak: kontuz, jausi egingo zara, kontuz, hori arriskutsua da, kontuz, kontuz… Baliteke antzeko esamoldeekin lortzea gure haurrak minik ez hartzea… baina ziurra da horrekin zapuztu dugula bere interesekoa zen jolasa, aukera emango liokeena norbere trebeziak erabiltzeko, norbere mugak identifikatzeko, norbere auto-erregulazioan trebatzeko… azken batean, garatzeko. Eta, are gehiago, horrelako mezuekin haurrari esaten ari gatzaizkio bera ez dela gai dena delako jolas “arriskutsu” horri aurre egiteko eta, horrenbestez, posible da gure beldurrak haurrari transmititzea…

Kongresuan aipatutako ideiekin bat eginez, sinetsi behar dugu gure haurrengan. Pentsatu behar dugu haurra gai dela berak hautatutako jolas egoera guztiei aurre egiteko, beharrezkoetan laguntza eskatzeko eta bere behar, trebezia, muga eta beldurrak identifikatu eta auto-erregulatzeko. Gehiegizko babesa alde batera utzi, eta utz ditzagun haurrak norbere erronkak, abenturak eta arriskuak bizitzen!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu