Zergatik da gizakiaren autonomia bere ongizaterako baldintza? Galderari erantzuna eman nahi diogu oraingoan. Baiezta dezakegu gizakia ongi sentitzen dela bera den moduan izateko aukera duenean, ez ordea nolakoa izan behar denaren presioa edo inposaketa buru gainean duenean, ez bera ez dena behartuta sentitzen denean, ez lehenik besteek zer izan behar den esan eta ondoren bere buruari zer izan behar den edota izatea gustatuko litzaiokeen esaten dionean.
Haurtzaroan ordea heldua maiz saiatzen da umea bere begietara moldatzen eta ahaleginak eta bi egiten ditu “ume prototipora” moldatzen edozein dela haurra. Haurraren autonomia ahotan du halere une oro, pertsona autodeterminatu, bere kabuz pentsatu, sentitu eta jokatzeko pertsona izateko helburuarekin dabilela argudiatuz.
Haur eskolatik hasita, umeari zer egin behar duen, nola jokatu behar duen eta zer pentsatu behar duen eragiteko antolatzen du egunaren jarduna. Errutinetan murgiltzen du lehenengo orduan nahitaez. Bertan, borobilean edo, adi, helduak berak hautatzen dituen edukiak “lantzera” behartzen ditu ume guztiak. Haurrak bere desioak alde batera utzi eta helduaren eskakizunei erantzun behar die. Egunean zehar errepikatuko den egoera izango da, urtez urte areagotuko dena. “eske lehen hezkuntzarako prestatu behar ditugu” da erabiltzen den arrazoietariko bat, gero DBHrako prestaketarako arrazoia bihurtuko dena eta azkenean Unibertsitaterako ezinbestekoa izango dena.
“Entrenamendua” ahalik eta arinen hasiz gero bukaerako profila lortzeko aukera gehiago izango denaren pentsamendua daukagu sakonean. Baina benetan profil hori lortzen dugu? Saiatu gara pertsona gure usteen arabera moldatzen baina benetan uste du norbaitek hasierako helburu hori lortu dugula? Benetan pertsona gure desioetara moldatu dugula? Konduktismoak hori bera lortu nahi izan zuen baina gaur egungo ezagutzak agerian uzten du bere porrota. Hala ere, eskola askotan oraindik ere praktika ikuspuntu horretan oinarritzen da hein handi baten.
Zaila da pertsona autonomo eta autodeterminatu izatera heltzea, pertsona bera den hori onartzen ez dugun bitartean, zaila da ongizatea lortzea denbora oro besteen espektatibak betetzera bideratuta egonez gero, ahal bada edota ezin bada.
Haurrak askatasuna behar du erabakitzeko, bere beharren arabera, bere momentuko ahalmenen arabera, zer egin nahi duen, norekin eta noiz. Helduaren ardura da horretarako aukerak eskaintzea eta horren ondorioz suertatzen diren esperientziak erregulatzea, baimentzearen eta mugatzearen orekak bilatzea.