Haur Hezkuntzako hezitzaile bezala, gure helburuetako bat da haurraren ongizatea bermatzeko baldintzak eskaintzea, baina jarri al gara inoiz hezitzailearen ongizatearen inguruan hausnartzen? Nola nago ni? Hartzen al dugu tartea honi erreparatzeko? Gure buruari begiratzeko? Gure buruaren zaintza egiteko bideak jartzen al ditugu? Argi dago hezitzailearen ongizateari ere erreparatu behar diogula, hezitzailea ongizate egoeran ez badago, zaila izango baita haurraren ongizatea bermatzea.
Gure lanbidean alderdi pertsonala eta profesionala oso lotuta daude, elkarreraginean daude eta pertsonalak profesionalari asko eragiten dio. Gure historia pertsonalarekin gaude presente gelan, eta horrek eragina dauka eraikitzen ditugun harremanetan. Beraz, gugan fokua jartzea eta egiten dugun horretan arreta jartzea oso garrantzitsua da, alegia, gure ahulguneak zeintzuk diren identifikatzea eta aurrera egiteko erronkak planteatzea.
Hezitzailea ongizate egoeran kokatzeko ezinbesteko bi faktore aipatu nahi genituzke: alde batetik, autoezagutzaren garrantzia; eta, bestetik, harreman sareak sendotuta egotearen garrantzia. Autoezagutzak gure buruarengan segurtasuna eta indarra ematen digu, gure mugen kontzientzia hartzen laguntzen digulako. Baina, era berean, indartuta sentitzen gara elkarlana eta kooperazioa sentitzen ditugunean eta harremanak modu egoki batean kudeatzeko gai garenean.
Eskola bateko ekipoan konpromisoa sentitzen duten irakasleak eta lankideekin harreman onak dituztenak estres emozional gutxiago sentitzen dute eta lorpen pertsonalaz gehiago disfrutatzen dute.
Autoezagutzarako konpromisoa hartzea ezinbestekoa du, beraz, hezitzaileak bere lanean, eta horretaz gain, harremanen kudeatzaile bihurtu behar dugu, horretan aditu izan behar dugu, gure lanbidea harremanetan oinarritzen delako.
Autoezagutzak aukera irekitzen digu hobetzeko eta ongizaterako bidea egiteko. Bide hori gako bihurtzen da ongizatea berreskuratzeko, eta horrela, umeei presentzia hobea eskaintzeko. Gure esku eta ardurapean daude pausu txikiak, eta leiho txiki honetatik gonbidatu nahi zaituztegu gutxienez horretan pentsatzera.