Jolas librea ez da asmakizun berria, gizakia gizaki denetik jolasten da. Are gehiago, animaliak ere bai. Berezkoa eta beharrezkoa dugun zerbait da jolasa. Oraintsu arte bigarren planoan egon da, baina badirudi gizarte mailan dagokion garrantzia aitortzen hasiak garela.
Aitortza horren isla har daiteke Txatxilipurdik jardunaldiak antolatu izana “Jolas librearen garrantzia” izenburuarekin. Eta jardunaldien sarrerako hitzaldian izan ginen. Plazer bat izan zen publiko anitza bildu zela ikustea, alegia jolasa pertsona askoren kezka eta interesa bihurtu dela baieztatzea. Han bildu ginen guraso, aisialdiko hezitzaile, eskola formaleko irakasle… guztiok, interes berarekin.
Sarrerako hitzaldi horretan aukera izan genuen jolasak umeari egiten dizkion ekarpenez hitz egiteko. Adibidez, beldurrak kudeatzeko jolasak zer aukera ematen duen ikusi genuen; baita pentsamendua eraikitzen nola laguntzen duen, hizkuntza eta komunikazioaren garapenarekin zer zerikusi duen edo sozializaziorako sarbiderako zein garrantzia duen ikusteko ere. Are gehiago, hizpide izan genuen jolasak nola laguntzen duen munduari zentzua ematen, sormenarekin duen lotura edo jolasarekiko gorputz eta mugimendu fisikoa.
Bestalde, parada izan genuen herrialdetik herrialdera jolasarekiko dauden diferentzia batzuk aztertzeko. Zentzu honetan, kulturak nola mediatu dezakeen jolasa ere aztertu genuen. Jolasa fenomeno konplexu eta delikatu bezala ikustera iritsi ginen, hauskorra, eta aldi berean, egoera berrietara egokitzeko gaitasun itzelekoa.
Baina interes berezia sortu zuen gaia izan zen jolasarekiko helduok egin dezakeguna. Aukera izan genuen umeari eskaintzen dizkiogun testuinguruak aztertzeko, bai espazio, bai denbora eta bai baliabideez hitz egiteko, bakoitzaren onurak eta erronkak ikusteko; eta batez ere, helduok dugun rolaz, eginkizun eta arduraz kontzientzia hartzeko.
Hitzalditik ideiaren bat berreskuratzekotan, haurren gaitasunekiko sinesmena izango litzateke. Haurrak gai dira behar duten jolasa sortzeko, eta hala egingo dute. Jolasten diren gai horrek eta modu horrek badu bere zergatia, eta errespetu osoa behar du. Askotan, umeari laguntzeko tendentzia azaltzen zaigu. Iritsi gaitezke ondokoa pentsatzera: “hobeto jolas dadin lagundu nahi diot”. Baina beharra gurea da, ez umearena. Umea gai baita berak behar duena bilatzeko, bere bidea egingo baitu. Jolasa ahalik eta gutxien inbaditzearen garrantzia azpimarratzearekin itxi zen hitzaldia, umeak berea duen espazio hori berari aitortuaz.
Bukatzeko, eskertu nahi diogu Txatxilipurdiri “Jolas librearen garrantzia” jardunaldiak antolatu izana; jolasarekin kontaktu zuzena dugun pertsonak biltzeko, eta esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera eman izana. Ea denon artean jolasari zor zaion garrantzia eta trataera ematea lortzen dugun.