Hazitegi

Irakaslea Haur Hezkuntzako berrikuntzan

Berrikuntza urteak dira Hezkuntzan. Hamaika eskolatako profesionalak ari dira beren egitekoa birplanteatzen.  Etapa guztietan aldaketak ematen ari badira ere, Haur Hezkuntza izan da aldaketa askoren jomuga. Haur Hezkuntzako irakasleon haurrekiko ikuspegia, esku-hartzea, espazioak, denborak, materialak, ebaluazioa… guztiak zipriztintzen dituzte egun eskola askotan indarrean dauden berrikuntza prozesuek.

Testuinguru horren baitan, Hazitegi ikertaldetik ekarpena egin nahi dugu, orain arteko makina bat eskolatako aholkularitza prozesuetatik harago. Ondorioz, eskainiko dugu Haur Hezkuntzako profesionalen profila elikatu nahi duen aditu titulu bat. Irakaslea Haur Hezkuntzako Berrikuntzan Aditu Tituluak eragin nahi du Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan. Gaur egungo irakasle lanbidean eta berrikuntza prozesuetan ager daitezkeen beharrei erantzunez, bilatu nahi du HHko profesionalaren profila elikatzea eta irakaslea berrikuntzarako ahalduntzea lanbidearen alderdi pertsonal eta profesionalaren orekan eraginez.

Helburu horiei begira, hiru eremutan lan egin nahi da:

Irakasle kontzientea harremanetan. Irakaslea bera da bere lanbidearen erreminta garrantzitsuena. Harremana zutabe duen lanbide horretan, bere buruaz ahalik eta kontzienteena izatea lehen mailako helburua da, haurrekin, familiekin, lankideekin edo hezkuntza komunitateko beste eragileekin eraikitzen dituen harremanak baldintzatuko dituelako haurraren garapena eta ongizatea eta eskolako proiektuaren bilakaera. Aditu titulu honetan parte hartuko duten irakasleak kontzientzia hartzeko prozesuan murgilduko dira, norberaren gorputzetik abiatuta, sentsazioa, emozioa, pentsamendua eta jokabidea integratuz. Gorputzaren berariazko lanketatik besteekin eraikiko dituen harremanetan eragin positiboa bilatzen da, autoezagutzarako eta autoerregulaziorako bidea jorratuz. Azken finean, berrikuntza prozesu baten oinarrian dago norberaren “berrikuntza”.

Irakaslea teorien integraziotik berritzen. Berrikuntza prozesuetan murgilduta daude bertako eskola ugari eta hainbat eremutan aldaketak ematen ari dira: espazioaren eta denboraren antolaketak, materialak, irakaslearen rola, ebaluazioa… Zenbait teoriatan oinarritutako berrikuntzak izan ohi dira baina, maiz, ez da teoria horien arteko integraziorik ematen. Horregatik, aditu titulu honetan, bilatuko da berrikuntzak egiterako orduan teorien integrazioa ematea, ikuspegi horien esanahian sakonduz beraien errealitatera egokitu ahal izateko. Horretarako, ezagutu eta aztertuko dira teoriak praktikan gauzatzeko hainbat esperientzia.

Irakaslea taldean berritzen. Hezkuntzan ematen den berrikuntza elkarlanean oinarritzen da. Komunean proiektu bat eraikitzeko gaitasuna ezinbestekoa da eta, horrekin batera, irakasle taldearen kohesioa gako da. Irakasleen arteko harremanek eta inplikazio eta konpromiso mailak baldintzatuko dute berrikuntza prozesuaren gauzatzea eta iraupena. Horregatik, aditu titulu honetan parte hartuko duten kideek, ardatz hartuta talde lana, komunikazio eraginkorra eta guztien ongizatea, modu esperientzialean biziko dute kohesiora eramango duten prozesu bat.

Eraldaketa pertsonala eta praktikaren hausnarketa esanguratsua izango ditugu lan egiteko zutabe eta bertatik eraikiko dira Haur Hezkuntzan berrikuntza prozesuak garatzeko konpetentziak. Aditu tituluaren inguruko informazio gehiago hemen daukazu.

https://www.mondragon.edu/cursos/eu/gaiak/hezkuntza/irakaslea-haur-hezkuntzako-berrikuntzan-aditu-titulua

Exit mobile version