Hazitegi

Haurraren garapena eta eskola eredu berriak

Itziarko eskola-komunitatea buru-belarri dabil lanean eskolaren berrikuntzan. Ekainaren 12an guraso elkarteak gonbidatu gintuen “Haurraren garapena eta eskola eredu berriak” izenburupean, berrikuntzaren inguruan hitz egitera. Komunitatearen inplikazioa nabarmena izan zen, bertan baitzeuden guraso, hezitzaile eta zuzendaritzako kideak.

Eskolaren berrikuntzan pentsatzen jarrita, metodologia aldaketa, espazioaren berrantolaketa edo taldeen egituraketa berria izaten dira kezka edo abiapuntu eskola askotan. Itziarren, berriz, haurraren berezko jokabideak izan ziren abiapuntua eskola irudikatzen hasteko, umea eta bere garapena berrikuntzaren ikusmiran jarriz. Finean, umea ulertzeko moduaren arabera ulertuko dugu hezkuntza, baita eskola ere. Umea bizirauteko eta garatzeko ahalmendun izakia izanik, bere garapenerako ezinbesteko baliabideak izanen dira esplorazioa eta jolasa.  Abiapuntu honetatik, eskolaren zeregin nagusia esplorazio jokabidea bizirik mantentzea izan beharko litzateke, eta, horretarako, eskolaren eskaintza 3 zutabetan ardaztu genuen: espazioa/materialak, denbora eta harremanak. Eskolaren berrikuntza irudikatzeko, beraz, ardatz horien inguruan hainbat ideia partekatu genituen, baina arreta berezia jarri genuen hiruen arteko orekan; hau da, ezinbestekoa dela berrikuntza prozesuak  3 ardatzetan eragitea, materialen, espazioen eta denboraren antolaketan, eta, eskolan ematen diren harremanetan (ume-hezitzaile, ume-ume, hezitzaile-familia, hezitzaile-hezitzaile, familia-familia…). Oreka hori emanen ez balitz, berrikuntza prozesuak arriskua dauka ibilbide motza edukitzeko eta komunitateko kideengan gaizki-egona sortzeko. Oreka honek neurri handi batean zuzendaritzaren eta administrazioaren inplikazioa ezinbesteko du oztopoak ekidite aldera.

Aurrera begira jarri ginenean, berrikuntzaren dimentsioaz konturatuta, prozesuaren izaera geldoa azpimarratu genuen. Eskola baten aldaketa prozesurako oinarrizkoa da, hezitzaile taldeak behaketaren bitartez umea erdigunean jarriz praktika gogoetatsua garatzea, lekuan lekuko umeen, familien eta hezitzaile taldearen neurrira eraikitzen doana. Prozesu honetan harremanek hartzen dute berebiziko garrantzia, ezinbestekoa baita umeen, familien eta hezitzaileen ongizatea bermatzea. Horrelako erronka batean murgiltzeak etengabe ziurgabetasuna bizitzera eramanen gaitu, eta, honen kudeaketan taldea gakoa izanen da, kezka, beldur, ilusioak… partekatu ahal izateko. Berrikuntzan eskolako hezitzaile taldeak protagonismo berezia dauka  bera izanen baita motorra, eta, arrakastarako gako handi bat talde honen kohesioa izanen da. Familiei dagokionez ere, horrelako prozesu batean murgiltzeak sortu ditzakeen zalantzak partekatzeko guneen beharra argi gelditu zen, biltzeko, partekatzeko eta harreman sareak sendotzeko.

Hasierako ideia berreskuratuz itxi genuen hitzaldia, hau da, umea erdian kokatuz, berari begirako berrikuntza aldarrikatuz.

Exit mobile version