Hazitegi da Haur Hezkuntza ikertzen ari den Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko talde bat. Talde honetan ipar daukagu haurraren garapen osasuntsua, batez ere, adin goiztiarretan. Horren harira, aztergai ditugu haurraren ongizatea bermatzeko baldintzak. Horregatik, beti ere haurra ipar dugula, bere testuinguruak aztertzen dihardugu, jakiteko zerk eragiten duen haurrarengan. Aztertzeaz gain, testuinguruetan hobekuntzak ere planteatzen ditugu, modu horretan, haurraren garapen osasuntsua bultzatzeko baldintzak izateko.
Hazitegi taldeak haurraren ongizateari begira, hiru testuingurutan kokatu izan du bere jarduna: eskoletan, familietan eta komunitatean. Azken batean, hiru testuinguruak dira garrantzitsu haurraren garapenerako. Jardun honetan, hainbat aldagai aztertu eta jorratu ditugu:
- Haurrari dagokionez, bere segurtasuna, ongizatea, esplorazioa, inplikazioa, berdinkideen arteko harremanak…
- Familiari dagokionez, ezaugarri orokorrak, parentalitatea edo gurasotasuna, eskoletan presentzia…
- Eskolari dagokionez, Haur Hezkuntzaren ezaugarri orokorrak, haur hezkuntzako metodologia orokorra, irakaslearen esku-hartzea eta sentikortasuna, espazio eta denboraren antolaketa, estrategia metodologikoak, ebaluazioa…
- Komunitateari dagokionez, komunitatearen inplikazioaren garrantzian sakontzeari ekin diogu.