Otsailetik martxo amaierara, Granadako Unibertsitatera atxikituriko CITIC (Centro de Investigación en Tecnologías de la Información y las Comunicaciones) zentroan egon nintzen egonaldia egiten, doktoretza programaren barruan. Egonaldi hori, Pedro García-Teodororen gidaritzapean dagoen NESG (Network Engineering and Security Group) ikerketa taldean egin dut, azpiegitura kritiko eta industri kontrol sistemen segurtasunaren alorrean sakontze aldera.
Blog honetan hainbatetan aipatu izan dugu sistema hauen segurtasunak duen garrantzia gaur eguneko gizartean, eta berau, Mondragon Unibertsitateko Telematika taldeko ikerketa-lerro aktiboa da. Hori kontuan izanda, aberasgarria da beste ikerketa taldeekin elkarlanean arituz elkarrengandik ikasi eta jakintza komun horietatik abiatuz eta lerro berriak garatu edota daudenetan sakontzea.
José Camacho Páez irakasle eta ikertzailearekin egin dut lan, datu-analisiaren bidez kontrol sistemetan anomaliak detektatzeko orduan dauden teknika desberdinak aztertzen, batez ere prozesuetako berezko aldagaiak (tenperatura, presioa, e.a.) eta haien bilakaera ikuskatuz. Helburua, lan horretan oinarrituta, nire doktore-tesirako baliagarria izango den ikerketa garatzea da.
Alde zientifikoa batera utzita, esan behar da, Granada, bere hamarnaka mila ikasleko komunitatearekin oso hiri dinamikoa dela. Horri, hirian bertan edota inguruko monumentu artistiko zein naturalak gehituz gero, hiri oso aproposa da egonaldia egin eta bertako zientzialariengandik ikasteko, lantoki barruan, zein lantokitik kanpo.