Kreta-n doktoretza egonaldia (FORTH-ICS laborategian)


Hilabete pare bat pasa dira SysSec proiektu europearrari esker Greziako uharte handiena den Kretan lur hartu nuela. Lau hilabetetako egonaldiari hasiera emanez. Jende askoren buruan uharte hau opor leku bat besterik ez den arren, azpimarratu beharra dago Europako ikerketa zentru garrantzitsu bat aurkitzen dela bertan: Foundation for Research and Technology – Hellas (FORTH) fundazioko parte den Institute of Computer Science(FORTH-ICS). Grezian eta baita maila internazionalean ere Informazio eta Komunikazio Teknologien lidertza daraman eta aurten 30 urte betetzen dituen institutua.

FORTH-ICS, Creta

Zentru horren baitan beste hainbat talderen artean, Evangelos Markatos doktoreak zuzentzen duen “Distributed Computing Systems – DCS” aurkitzen da. Mondragon Unibertsitateko Telematika taldearen moduan, talde honetako ikerketa lerrotako bat, eguneroko ogi bilakatu diren sare sozialen segurtasuna da. Hau da hain zuzen ere nire ikerketa esparrua, horregaitik lerro hori indartu eta bi taldeen elkarlana sustatzea helburu du nire doktoretzako parte den egonaldi honek. DCS taldearen inguruan aipatu behar da, gaur egun Europako Batzordeak finantzatutako proiektu ugaritan parte hartzen dutela, eta horri esker taldeko ikerlariak mundu mailako lehen lerroan daude beraien ikerketa lerroetan.

Esan dudan bezala, gaur egun sare sozialak gure bizitzako parte dira, eta informatika munduari lotutako beste eremu askotan gertatzen den legez, erabiltzailearen segurtasuna arriskuan jarri dezaketen hainbat faktore aurki daitezke hauetan ere. Gainera kontutan hartu behar da sare hauek azken urtetan erabiltzaile kopuruan izan duten gorakadak erasotzaileen beraiekiko interesa handitzen dutela. Horregaitik Telematika taldearen eta FORTH-ICS-ko DCS taldeen arteko elkarlanaren helburu nagusia sare sozialetako erabiltzaileen segurtasuna bermatzea izango da.

Horretaz gain, nire ikerlari bidean lagungarri izango zaizkidan lan molde ezberdinak ezagutzeko aukera ere eskaintzen dit egonaldi honek. Eta nola ez, baita hurrengo urteetan bidailagun izango ditudan ikerlariak ezagutzeko aukera ere.

Ez litzaidake sarrera hau Kretako nire esperientzia pertsonalari aipu egin gabe bukatutzat ematea gustatuko. Nahiz eta uharteko hiriburua den Heraklion-era iristean hiriak, trafiko ‘anarkikoak’, azpiegitura zaharkituek… edozeini harridura eragin; Hiriko txoko dotoreenak, uharteko hondartza paregabeak, Kretako mendi lerro ezberdinak, lurraldean sakabanatutako historiaz betetako hainbat eta hainbat guneak, bertako herriak, bertako gastronomia, uharteko paisaia ikusgarriak eta uharteko biztanleak ezagutuz joan ahala konturatzen joaten zare uharte honek zerbait berezia daukala. Bertako egonaldia oso erraza egiten duen sentsazio nahasketa.

Balos, Creta

Eta uharteak dituen gauza on guztiei etxeko, lagun eta lankide guztiek faltan botatzen duten uda giroko eguraldi ederra gehitu ezkero, nire doktoretzako egonaldi hau ahaztezinezkoa bihurtzen da.

+ No hay comentarios

Añade el tuyo