Ekainaren 15etik 17ra 8th International Conference on Computational Intelligence in Security for Information Systems – CISIS’15 nazioarteko konferentzia ospatu zen Burgosen, beste bi konferentziekin batera: 10th International Conference on Soft Computing Models in Industrial and Environmental Applications SOCO’15 eta 6th International Conference on EUropean Transnational Education ICEUTE’15.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Telematika taldeko kide den Enaitz Ezpeleta izan zen bertan parte hartu zuen ikertzaileetako bat, bere doktorautzaren baitan egindako ikerketa bat bertan aurkezteko.
Lan hori, sare sozialetako informazio publikoa erabiliz sortutako spam pertsonalizatuaren efizientzia ikertzen duen «An Analysis of the Effectiveness of Personalized Spam Using Online Social Network Public Information» izan zen hain zuzen ere.
Egun, nahi ez arren jasotzen ditugun mezu elektroniko kanpainak mehatxu argia dira, posta zerbitzu elektronikoak erabiltzen dituzten miloika pertsonari eragiten dielarik. Spam hau antzematen duten iragazkien emaitzak onak izanik ere, bidaltzen den kantitate altua dela eta, oraindik errentagarri ateratzen zaie kanpaina hauen bitartez dirua irabazi nahi dutenei. Hori dela eta, ikerketa asko iragazki horiek nola hobetu eta aldi berean sare sozialen barruan gero eta ohikoagoa bilakatzen ari den spam berria nola geratu aurkitzeko lanean dabiltza.
Lan honetan, ikertu nahi izan da ea sare sozialetako informazioa erabiliz pertsonalizatutako mezuen bidalketa gai izango ote zen egungo iragazkiak gainditu eta spam tradizionalarena baino emaitza hobeak lortzeko, eta baita izan ere. Esperimentuak egin, hauek emandako emaitzak aztertuta eta mezuan klikatzen dutenen ratioa 18 aldiz altuagoa izan dela ikusirik, hasieran zehaztutako helburua lortu dela ondorioztatu daiteke.
Gauzak horrela, hurrengo erronka, spam pertsonalizatu hori antzemateko gai izango diren iragazkien garapenean ikertzea izango da.
Lan honetan egin bezala, Telematika taldeko kideek Interneten eta orokorrean teknologia berrien munduan aurkitzen diren arrisku ezberdinei nola aurre egin ikertzen jarraituko dute. Horretarako spam pertsonalizatua bezalako mehatxu berriak aurkitu eta berauen aurkako tresnak erabiltzaileei eskaini ahal izateko esfortzuan jarraituko dutelarik.