Ekoeraginkortasunean trebatzen
Azken urteotan, ekonomiaren globalizazioa, teknologia berrien nagusitasun gero eta nabarmenagoa eta eredu produktiboaren eraldaketa medio, aldaketa handiak eman dira industri sektoreetan, jarduera-esparru guztietan. Egungo krisialdi ekonomikoaren testuinguruan, horrek guztiak lehia gogorreko ingurunea sorrarazi du. Horregatik, enpresek merkatu globaletan lehiatzeko duten gaitasuna lehiakortasun-adierazle da, eta aldi berean, efikazia eta eraginkortasuna hobetuz errendimendua hobetzeko aukera ere.
Aipatutako aldaketen artean gehienak honako arlo hauekin lotuta daude: teknologiaren garapen azkarra, produktuen dibertsifikazioa areagotu izana, mugarik gabeko merkatu libreen sorrera, gorabidean diren ekonomien lehia gero eta handiagoa eta alderdi interesdunen behar aldakorrak.
Halaber, bada gero eta garrantzi handiagoa eta onarpen zabalagoa duen alderdia: ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldagaiak kontuan hartu beharrekoak direla industri prozesuen kudeaketan; modu horretan, eredu berritzaileak landuko dira baliabideak kudeatzeko orduan. Eta lehiakortasuna areagotzea eta enpresek bizirautea ahalbideratuko duten paradigma berriak barneratzeko faktoreen artean hainbat kontzeptu ari dira nabarmentzen, besteak beste, “ekoeraginkortasuna”, “baliabide produktiboen kudeaketa iraunkorra”, “Ekoteknologiak”, “teknologia garbiak”, “energia berriztagarriak”, “biomimesia” edota “industri ekologia”. Horrenbestez, kontzeptu horietan adituak diren pertsonak behar dituzte erakundeek. Ildo horretan, prestakuntza-programak lantzea aukera bat da lanik gabe dauden pertsonentzat, euren gaitasunak eta ezagutzak osatuko baitituzte eta lagungarri izango baitzaie lan-merkatuan sartzeko.
Behar horri erantzuteko xedearekin, MUPlus-ek, Lanbideren lankidetzarekin, langabe dauden goi mailako tituludun gazteak ingurumenaren kudeaketan eta produkzio-prozesuen ekoeraginkortasunean trebatzeko ikastaroa jarriko du abian datorren urtarrilaren 31n. Ikastaroak 350 orduko iraupena izango du, eta hainbat gai landuko dira bertan, hala nola, ekintzailetza, globalizazioa, marketin berdea, kudeaketa-sistemak, ingurumen-inpaktuen azterketa eta ekoeraginkortasunari eta ingurumen-legediari buruzko hainbat lantegi. Gainera, ikasleek hainbat enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Agerikoa denez, eduki horiek guztiak bat datoz Ekoteknologia eta prozesu industrialak eta Energia graduekin, Orona Ideo Innovation City gunean eskainiko ditugunak.
Pausoz pauso aurrera egin dezagun beti, bidea ibiliz egiten baita.