Ingeniería en eco-tecnologías industriales

Zergatik ikasi ekoteknologiak? Zementuaren kasua

Erromako koliseoa (Iturria: Wikimedia Commons)

Materialen arloan dauden erronkei buruz hitz egitean, berehala etortzen zaizkigu burura material berriak: nanomaterialak, etorkizun hurbilean gaitasun miragarriak eskaini ditzaketenak , biomaterialak, gure gorputzaren zuntzekin bateragarriak direnak, edo konpositeak, material desberdinen gaitasunak konbinatzen dituztenak. Zaila izango da, berriz,  XX mendean eta gaur egun ere gehien erabiltzen den materialak dituen erronkak aipatzea: zementuarenak hain zuzen ere.

Zementua non-nahi aurki dezakegu eta bai Erromako koliseoan, bai San Mames berrian, edo Orona IDeO Innovation City-ko gure kanpus berrian ezinbesteko materiala da. Hain material heldua eta zabaldua izanda, erraz ahaztu egiten zaizkigu zementuak konpondu gabe dituen arazoak. Ba al zenekien, adibidez, zementu tona bat ekoizteko 700 kg CO2 isurtzen direla? Edota zementua ekoizteko oso tenperatura altuak behar direla (1500 ºC inguru) eta energia asko kontsumitu behar dela?

Zementu tona bat ekoizteko masa balantzea. (Iturria: Oficemen, http://www.concretonline.com/).

Zementuaren ekoizpenak ingurugiroaren gainean duen eragin negatiboa dela eta, eraikuntza zaharren zementua birziklatu beharko genuke, baina, gezurra badirudi ere, ez da oraindik existitzen zementua birziklatzeko prozesu industrial eraginkorrik. Gaur egun zementu hondakinak birrindu egiten dira, eta errepideen oinarria prestatzeko erabili daitezke, adibidez. Baina hori ez da benetako birziklapena, zementu berriaren ezaugarriak berreskuratzen ez ditugulako. Zementuaren hondakinetan zementua beste materialekin nahastuta dago (harea adibidez) eta oso zaila da zementua banatzea. Zementuak gure gizartean duen pisu espezifiko handiagatik, edozein aurrerapena arlo honetan izugarrizko inpaktu positiboa izango du ingurugiroaren gainean.

Alemaniako Fraunhoffer Institutuko ikerlariek oso aurrera pauso interesgarria eman dute. Haustura elektrodinamikoa erabiliz zementu hondakinen oinarrizko osagaiak banatzea lortu dute eta benetako birziklapenaren ateak ireki dituzte. Haustura elektrodinamikoaren prozesuan oso denbora laburreko deskarga elektrikoak aplikatzen dira zementu hondakinen gainean (500 nanosegundo baino laburragoak!). Deskarga elektriko horiek zementu hondakinen osagaien artean bidaiatzean, mikroeztandak sortzen dituzte, zementua eta beste osagaiak banatzen dituztelarik. Momentuz tona bat zementu birziklatu dezakete orduko, baina bi urteko epean teknologia komertzializatzeko moduan egongo dela espero dute.

Zementuarena bezalako milaka adibide daude non, etorkizun hurbilean, ekoteknologiek erantzun berriak eskaini beharko dituzten. Ekoteknologia eta Prozesu Industrialetan graduatu berriek zuen gaitasunak eta imajinazioa adierazteko aukera asko izango dituzue!

Salir de la versión móvil