Ingeniería en eco-tecnologías industriales

Ekoliburuak

Uda garaian urtean zehar baino askoz gehiago irakurtzen duten horietarikoa al zara? Gu bai!

Zer irakurri erabaki ezinean bazabiltza, eta “eko” munduaren inguruko liburuei aukera bat eman nahi baldin badiezu, hemen doakizue zenbait proposamen:

State of Fear (Michael Crichton)

Tekno-politiko-thriller delakoaren aitzindarietariko bat dugu egilea, eta hemen ere istorio entretenigarri bat agertzen du. Modu errez batean, ingurumenari buruzko datu asko eskaintzen ditu: Estatu Batuetan ziren indiarren eredua, Antartikako izotz kaparen lodieraren inguruko datuak, etab. Hilketak, epaiketa eta misterioak ere badaude, noski. Oso irakurterraza eta gomendagarria; bere garaian, gainera, polemika nahikotxo sortu zuen liburu honek, aldaketa klimatikoaren inguruan eskaintzen zituen datuak medio.

Halako istorioak ez badituzu gogoko ere, liburuaren amaieran datorren “egilearen iritzia” atala irakurtzea gomendatzen dugu. Liburua osorik irakurtzea arinagoa da, baina azken atal horretan informazio asko agertzen da…

No Impact Man (Colin Beavan)

Urtebeteko esperimentua: saia zaitez New York-en (hobe esanda, Manhattan-en) bizitzen ingurugiroan eraginik sortu gabe. Estatu Batuetan gertatzen da, bai, baina gure bizitzaren oso antzerakoa izan daiteke: lortuko al zenukete papera erabili gabe edota elektrizitaterik gabe bizitzea?

Zenbait gairi buelta bat ematen die baita, haragi ekologikoaren definizioari kasu. Interesgarria, oso, eta gainera oso modu entretenigarri batean agertua. Soilik fikzioa edota eleberriak badituzu gogoko ere, emaiozu aukera bat honi!

Azpi-izenburuak asko dio: can you save the world without driving your family crazy?

Úselo y tírelo (Eduardo Galeano)

Galeano maisua da gertakizunak erlazionatzen, gertaera Historikoen efektuak aztertzen, begirada globalak modu sinple batean planteatzen. Entseiu labur edota artikulu luze gisa planteatuta, liburu honek gure kontsumismoaren erroak agertu eta nora eraman gaitzakeen argi eta garbi planteatzen du. Laburra eta arina da, idazlearen beste zenbait lan ez bezala, eta asko erakutsi ditzake!! Ekologiarekin benetako konpromezua duen edonorentzat nahitaezkoa.

Zailena, liburu honi dagokionean, liburua bera aurkitzea izan daiteke; ez interneten eta ezta liburudendetan, ale askorik ez dira geratzen!!

Animal Man #15 (Grant Morrison)

Komiki bat dakargu oraingoan. Grant Morrison, izen handiko beste komikietan ospetsuagoa bilakatu aurretik, pertsonaia xelebre hau hartu zuen eta ekologista bilakatu zuen. Istorio on asko ditu pertsonaia honek, baina aipatzekoa Faroe irletan urtero gertatzen den izurdeen hilketari buruzkoa, modu bitxi batean kontatuta. Komikiak ez badituzu atsegin, hemen jakin dezakezu horren inguruko gauza gehiago.

Un viejo que leía historias de amor (Luis Sepúlveda)

Agian ezin daiteke ekologistatzat hartu liburu hau; irakurlearen esku geratuko da hori. Oihanean, kanpoko munduarekin kontaktu eskasarekin bizi den norbaiten istorioa kontatzen du eleberri honek, eta irakurtzen dituen liburuekin asmatzen dituenak dakarzkigu.

Erritmo motela, poetiko samarra, amaitzear egon daitekeen bizimodu bat erakusten digu. Bestelakoak atsegin dituztenentzat, filma ere badago!

 

Goddess (Garth Ennis)

Bere garaian ekologista bailitzan saldu zen komiki bat hau ere, nahiz eta, berez, eko-terrorista da beste ezer baino. Garth Ennis asko ezaguna da komikien munduan eta laster harengandik kanpo ere ospea lortuko du: Preacher bere istorioa telebistako serie bilakatuko dute aurki.

Istorioak, egia esan, ez du aparteko ezer, baina norbaitek akzioa eta marrazki politak bilatzen baditu, kutsu ekologiko batez estalia, aukera ona du hemen.

Exit mobile version