Boteprontoan, smartphone-ak edota mugikor adimentsuak erabiltzea ingurugiroarentzat eta, ondorioz, gizakiarentzat onuragarria dela pentsa dezakegu. Izan ere, gailu horrek beste hainbaten beharra ordezka dezake, hala nola agendak, alarmak, musika entzuteko trasteak, irratiak, argazki kamerak, bideojoko kontsolak, GPSak eta, baita, telebistaren urrutiko kontrola.
Horrela ikusita, oso ekologikoa eta jasangarria dirudi mugikorrak erabiltzea, ezta?
Noski, istorio honetan dena ez da horren polita. Mugikorrek euren alde iluna ere badute, sarri inork aipatzen ez duen alde bat, edo akaso guk geuk ez ezagutzea erabakitzen dugun alde bat. Izatez, alde ilun bat baino gehiago dute, eta bakoitzak eragin ezberdin bat du (eta ez gabiltza ingurugiroan duten eraginari buruz soilik). Hemen zenbait (baina ez denak) jorratuko dugu.
Materialak eta gerrak.
Mugikorrek material anitz behar dituzte, eta haietariko asko soilik herrialde “konplikatuetan” aurkitu daitezke. Ondoan duzuen irudiak material hauek eta beraien funtzioak erakusten ditu. Edonork asma dezakeen moduan, herrialde horietako mehatzetan eta beste hainbat tokitan bizi diren egoerak ez dira oso atseginak, ez.
Baina arazoa zabalagoa da.
Kongo moduko lekuetan, gudak badaramatza hainbat urte gori-gori. Inork ez dakit zehatz-mehatz gatazkaren sorburua zein den: surrumurruek diote Txina egon daitekeela atzetik jakiak ereiteko lur bila, etor daitekeen janari-krisi bati aurre egiteko (Txinako uren portzentai oso handi bat guztiz kontaminatuta daude eta ezin dira gehiago erabili; horri buruz beste egunen batean hitz egingo dugu). Baina bada beste zurrumurru bat: hainbat enpresek bultzatzen duten gatazka dioen zurrumurrua dabil hortik (zenbait enpresa herrialdeen gainetik daude eta), hauen helburua herrialdeko errekurtso naturalez jabetzea kostu gutxian delarik… mugikorrak fabrikatzen jarraitu ahal izateko. Hau gertatzen da casiterita, bauxita edo koltan ospetsua bezalako materialekin, esaterako.
Litioa, askoz ezagunagoa den materiala eta bateriatan asko erabiltzen dena, Afganistanen eta Tibeten kantitate handitan aurkitu daiteke: inork uste zuen benetan Tibeteko gatazka kontu politikoetatik zetorrela? Horri bertako langileen soldatak gehitzen badizkiogu, negozio borobila dugu esku artean: kontutan izan langile gehienak nepaliak edota filipinoak direla, eta hauen soldatak munduko baxuenak direla. Lan-baldintzak soldatekin bat datoz.
Urte luzez Odol-diamanteak moduko esamoldeak entzun izan ditugu; agian badugu Odol-Mugikorra modukoak erabiltzen hasteko garaia…
Birziklapena.
Mugikorrak programatutako obsolesentziaren adibiderik argiena dira: bizpahiru urteko bizitza baino ez dute. Gero, berri bat erosten duzu. Eta zer egiten duzu zaharrarekin? Kaxoi batean gorde, aspertu eta Garbigune batera eramaten duzun arte, non birziklatzen omen dute. Edota enpresa bati saltzen/ematen diozu, zeinek materialak berrerabiliko omen ditu. Edota kontainer horira botatzen duzu, zure kontzientzia lasai eta garbi.
Birziklapenaren kontua hau egia da; ez da guztiz egiazkoa, baina neurri handi batean bai. Beste aldean, kantitate ñañoetan dauden hainbat material agertzen dira, horrek kantitate txikitan hauek banatzea eta birziklatzea ezinezkoa bilakatzen delarik. Betirako galtzen diren materialak dira. Ez da guztiz ezinezkoa hauek birziklatzea, baina hori egiteak duen kostua irabazten dena baino handiagoa da: hori, gure gizartean, egingo ez denaren sinonimo dugu.
Diseinu kontu bat ere bada: duela gutxi arte, mugikorren diseinuek ez zuten hauen desmuntaia, banaketa eta berrerabilpen/birziklaketa kontuan hartzen. Oraindik daude torlojo txiki pila dituzten mugikorrak gure artean, produktuari ezer gehitzen ez dioten eta desmuntaia izugarri zailtzen duten elementuak: horra hor adibide sinple bat.
Mugikor modular bat sortzeko ahaleginek ere ez dute aurrera egin eta gaur egun haietariko askoren amaiera bizitzen ari gara, Google-n Ara proiektua kasu.
Egoerak, gutxika bada ere, hobera egiten du hala ere: gero eta atal gehiago berreskuratu egiten dira, eta erabiltzaileari mugikorra itzultzeko arrazoi gehiago ematen zaizkio. Adibide bat erabiltzearren, hona hemen AT&T konpainiak bere politikei buruz egiten duen propaganda:
Mundu ideal batean legeak programaturiko obsolesentzia kasuak erregulatu beharko lituzke, baina errez adostu dezakegu halako mundu batetik urrun gaudela oraindik. Horren kontrako argumenturik erabiliena? Ekonomiak aurrera egin dezan gehiago saldu behar dugula. Alternatibak? Denok prest egotea zerbitzuengatik gehiago ordaintzeko, produktu fisikoengatik baino. Bai, ez gai erraza.
Softwarea eta pentsamendua.
Mugikorrek ez digute soilik modu fisiko batean eragiten, gure inguruan inpakto material bat sortuz: softwarea gero eta pisu gehiago hartzen dabil. Are gehiago, zenbait ataletan limite teknologikoetara heltzen ari garenez, gero eta gehiago ordaintzen gabiltza software aurrerapenengatik hardwareenarengatik baino (zenbaiten konturatu ez arren).
Mugikorren merkatuak mundu mailan 2 jokalari handi ditu: Google (Android sistemarekin) eta Apple (iOS). Ez dugu aztertuko zeinek egiten duen hobeto atal teknikoan edo zeinek saltzen duen gehiago edota bakoitzaren abantailak. Ez dugu halakorik egingo, beraien arteko ezberdintasun nagusiena haien ideologian baitatza.
Android software askearen filosofia batetik gertu jaio zen (kontuz! Ez debaldekoa, ez dela gauza bera). Bere oinarria kodigo irekia edota open source deritzona da: edonor sar daiteke sistemaren “muinean”. iOS, bestalde, sistema itxia da: inork ezin dezake ukitu. Barruan dagoena ez da erabiltzeari axola zaion zerbait, eta honen funtzioa berau erabiltzea da eta akabo.
Tamalez, bigarren pentsakera hau nagusitzen ari da softwarearen arlo askotan. “Tamalez” diogu, azkenaldian eragin bitsi bat sortzen ari baita gizartearengan: gero eta joera gutxiago dugu gauzen benetazko funtzionamendua ezagutzen, gure jakinmina mugatzen ari da. Horrek, nolabait, ondorioztatze gaitasunaren edota arrazonatzeko gaitasunaren gutxitzea ekarri dezake.
Baina beste aldean beste arazo bat agertzen zaigu: kodigo irekiko saiakera asko ez dira batere user friendly, eta horrek ezagutzeko nahiak errotik mozten ditu baita. Ba al da erlaziorik eduki itxien eta gizarteak ingeniaritza gaietan interes gutxiago izatearen artean? Ezagutzaren geldialdi bat gertatzen ari al da? Zaila da gai biak erlazionatzea.
Gauza ziur bakarra dago: mugikorra gure lagun fidela bilakatu den honetan, ezagutzarengatik ardurarik ez izatea oso arriskutsua izan daiteke. Guretzat, ingurugiroarentzat edota mugikor horren materialak lortu dituzten pertsonentzat.
Nahikoa gaurkoz. Ziur beste hainbat gai daudela honen inguruan, eta etengabe luzatu ditzakegula hauek, baina honen helburua ez da gaia osotasunean jorratzea, ukitu batzuk aurkeztea baizik.
Amaitu aurretik, ordean, ekimen xelebre bat aipatu nahiko genuke: ezagutzen al duzue Fair Phone? Botaiozue begiradatxo bat eta ea zer deritzozuen…