Gehiegi aipatzen ez den kontu bat bada gure gizartean: adimen artifizialak gizartea aldatuko duela dioen sinesmenari buruz ari gara. Egunkari, telebista eta gobernuek ez dute gehiegi aipatzen, bere inguruan ezer gutxi baitakite, eta agian guk geuk ere ezer gutxi dakigu honen inguruan, baina ardura badugu.
Enpresa askok komentatzen diguten kontu bat da: “etorkizunean nik 3Dn zerbait diseinatuko dut nire ordenagailuan, makinari pasako diot eta honek fabrikatuko du. Berdin zait tornua, 3D inprimagailua, plastiko injekzioa edota zer den, teknologia gehienetan gertatuko da hori. Ez dakit noiz, baina gertatuko da”. Ez digute Silicon Valley delakoan kontatu hau, ez: Euskal Herriko enpresetako jendeak esan digu.
Honek lanpostu askoren desagerpena ekarriko du. Berrien sorkuntza baita, baina zenbakiek diote berriak ez direla zaharrak ordezkatzeko haina izango.
Entzun al duzue azkenaldian agertu diren ideia xelebreak, hala nola robotek segurtasun soziala ordaindu beharko luketela? Edota errenta unibertsalarena? Ala taxistak ordezka ditzakeen kotxe autonomoa? Ba bai, hemendik dator kontua. Eta proposamen hori ez du politikari batek egin: politikariak ez daude honi begira, eta agian berandu izango da arazoa gainean dugunerako.
Gizartea prest al dago horretarako? Ez dirudi hala denik. Eta ez gabiltza soilik politikariei begira.
Hilabete honetan Euskal Herriko enplegu datuak ikusi eta gero, gauza bitxi bat aurkitu dugu: soldatari dagokionean, gero eta ezberdintasun nabarmenagoa dago maila altuko lanpostu (ingeniariak barne) eta maila tekniko baxukoen artean. Datorren adierazle bat ote? Ekonomia “berreskuratzen” ari dela kontatzen digute, baina ez dago horren argi hala ote den: badirudi tarte hori handitzen dabilela eta beste askorik ez.
Kontuz, horri beste datu bat ere gehitu behar diogu: emakumeen presentzia ingeniaritzetan ez da oso altua. Estatuaren bataz bestekoari erreparatuz, %18aren inguruan omen dabil. Gure graduan, ekoteknologia industrialen graduan, altuagoa izan da urte batzuetan (%40 edota %33), baina joera ez da oso garbia. Eta emakumeek halako lanpostuetan parte hartzen ez badute, eta adimen artifizialak bestelako postu asko hartzen baditu, zein izango da emakumearen lan egoera etorkizunean? Ados, beste zenbait arlotan gehiengoa osatzen du emakumeak, baina adimen artifizialak dena hartuko du: osasuna, administrazioa, eraikuntza edota taxiak.
Agian soilik adimen artifizialaren atzean (edo gainean) daudenentzat egongo dira lanpostuak. Ondo ordaindutako lanpostuak.
Zer egin honen aurrean? Guk ez dugu erantzun magikorik, baina momentuz ingeniaritza ikastea irtenbide on bat dirudi. Badaezpada.
Edota agian oker gabiltza eta halako ezer ez da gertatuko. Baina horretarako prest egotea ez dago soberan. Gu hortan gabiltza.