ebook vs paperezko liburuak


Hondartzak jendez betetzen zaizkigun heinean, liburuz ere betetzen dira: udan asko irakurtzen da. Azken urteotan, gainera, liburu elektronikoz ere betetzen ari zaizkigu, gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dituztelarik gailu horiek. Abantailak agerikoak dira, eta kontra egiten dieten asko ere badira. Baina guk aztertu nahi duguna, beti bezala, beste ildo batetik doa:

paperezko liburuak ala liburu digitalak,

ekologiaren aldetik zer da hobea?

  • Batek bateria du, besteak paper pila.
  • Batek elektrizitatea erabiltzen du, besteak tinta eta kola.
  • Aparatuak hainbat liburu irakurtzeko erabili daiteke, paperezkoa beste pertsonei pasa ahal zaie.
  • Elektronikoak espazio txikia okupatzen du, paperezkoa apaingarri gisa erabili daiteke.

Guk soilik ingurugiroari begiratuko diogu. Arlo horretan ere erantzuna ez da uste bezain agerikoa, beti bezala. Hala ere, zenbait kalkulu egin eta gero, zenbaki orokor bat botako dugu:

Bataz bestekotan oinarrituz,

32 liburu baino gehiago irakurriz gero,

ingurugiro-inpaktu gutxiago du ebookak.

Hau da: 32 liburu baino gehiago irakurriz gero, gutxiago kutsatzen duzu irakurle digital bat erabiltzen, hortik behera garbiagoa izanik paperezkoak erabiltzea.

Hau egia izan dadin, ondorengoak bete behar dira:

  • Biak behar bezala birziklatu behar dira. Paperezko liburuen kasua errazagoa da (nahiz eta kola kentzea gero eta zailagoa den); liburu elektronikoetan badaude birziklatu ezin diren osagaiak, kantitateak txikiegiak direlako.
  • Ebooken bataz besteko bizitza 5 urtekoa da. Hornitzaileen arabera, hau asko alda daiteke.
  • Liburuek iturri garbietatik datozen orriak erabili behar dituzte. Bilatu ezazue FCS logoa duten orriak beti! Basoak sustengagarriak izan behar dute.
  • Elektronikoen kasuan, wifi-a %5ean baino ez da piztuta egongo: bestela kontsumoak nabarmen egingo du gora.
  • Paperezkoetan, tinta eta kola “garbiak” erabili dira. Grapak eta antzerakoak gero eta gutxiago ikusten dira, baina kolak sarri zikinagoak dira.

Irakurtzea beti da ona, baina modu garbi batean eginez gero, askoz hobea da.

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu