Ingeniería en eco-tecnologías industriales

Autobus elektrikoak: berandu ote gabiltza?

Oso herrialde aurreratu batean bizi garela esango dizute askok. Planetako herrialderik aurreratuenak AEB eta Europakoak direla saltzen digute filmeek. Gezurra dirudi halakorik sinistu dezakegunik errepidean autobus elektriko bat jartzeko sekulako lanak dauzkagunean.

Datuen arabera, 370 000 autobus elektriko zebiltzan Txinan martxoan. Urte amaierarako 500 000 izan daitezela nahi dute. Asko ala gutxi diren jakiteko, konparatu itzazu Europa (osoan!) dauden ibilgailu elektriko kopuruarekin: 1000. Horrela ikusita, asko Txinatarrenak, ezta?

Datu gehiago: autobus elektriko batek egunean krudo barril erdia aurrezten du bataz bestean. Barril bakoitzak 159 litro inguru gordetzen dituenez, guztira Txinak 30 milioi litro Diesel aurrezten ditu egunean. Hau da, 10 000 milioi litro urtean. Bakarrik erabilpenean, izan ere litro horiek garraiatzeko diesel litro gehiago erabiltzen dira barku eta kamioietan.

electric bus

Zenbakiak borobilduta daude, baina arazoaren dimentsioaz jabetzeko balio digu. Itzela da aldaketa. Ez ahaztu litro guzti horien ondorioak atmosferan amaituko luketela bestela, eta atmosferatik gure landare eta jakietan neurri handi batean.

Inoiz aukerarik baduzue, proba ezazue bakarrik ibilgailu elektrikoak dituen hiri batetik ibiltzen. Aldaketak zur eta lur utziko zaituzte!

 

Betikoek betikoa esango dizute

Honen inguruan gezur asko entzuten dira, irabazleak 2 izanik:

  1. “Bai, baina Txinatarren produktuak ez dira seguruak. Bateriek eztanda egin dezakete edozein unetan.” Benetan uste duzue horrelako zerbait gertatu izan balitz gure egunkarietan ez zela agertuko? Kontrako propaganda horren zain ez daudela Europako fabrikante asko? Benetan uste duzue Txinak horrelako autobusak errepidetan baimenduko lituzkeela?
  1. “Bai, baina Txinak ikatza darabil gehienbat elektrizitate hori sortzeko.”

Elektrizitate-sorkuntzarena ez da garraioaren arazo berdina. Lotuta daude, bai, baina ez da gauza bera. Garraioa elektrifikatzea, bizi garen lekua tximiniaz ez betetzeari buruzkoa da.

Egia da Txinak ikatza erabiltzen duela, gehienbat petroleorik ez duelako: politika konplikatuak daude tarteko. Bestalde, eguzki-energia eta hidraulikoa sortzeko dituzten megaproiektuak behin eta berriz heltzen zaizkigu, nuklearrekin bat. Zer egiten dugu bitartean Europan CO2, NOx isuriak murrizteko? Gu garbiak garela diotenek, zertan oinarritzen dira halakorik esateko? Alemanian, esaterako, izugarri igo dira CO2 isuriak energia nuklearrari uko egin eta gero; Espainian, berriz, eguzkiari zergak jartzen genizkion duela gutxi arte.

 

Etorkizuna.

Autobus elektrikoen kontua Europara helduko da. Ziur. Eta fabrikatzaile Txinatarrek abantaila izango dute: hainbat urteko esperientzia dute jada, eta fabrikazio handietan iaioak direla frogatu dute. Berandu ote da jadanik hemengo enpresentzat?

Edota kontrako ikuspuntutik ikusi behar dugu hau? Hau da, honek esan nahi duen gauza bakarra hemengo fabrikatzaileek lan bolumen ikaragarria izango dutela hurrengo urtetan. Langile eta produktu eskaintzak ikaragarri egingo duela gora. Akaso aukera bat da hau?
Guk ez dakigu bata edo bestea izango ote den, baina hor egongo gara ikusteko.

PD Bateriak ez badira seguruak, norbaitek azalduko digu gure unibertsitatearen alboan erre zen diesel autobusarena?

bus fire quemado erreta
Exit mobile version