Zer gertatzen Amazon-en zerbait itzultzen duzunean?


Nork ez du noizbait zerbait erosi internet bidez? Idazten duen honek bai eta, seguruenik, irakurten duenak ere bai. Gorantz doan joera da gainera: erosketa elektronikoek bazter guztiak konkistatzen dituzte.

-Erosketa fidagarriak dira, izan ere dena itzuli dezakezu -diote askok erosketa hauen inguruko iritzia ematerakoan. Gaur bota nahi dugun galdera hau da: zer gertatzen da itzultzen ditugun erosketekin?

-Berriz jartzen dira salgai -erantzungo dute askok, bai bezero zein saltzaileek.

Bai? Baita kaxak ireki eta gero, edota probatu dituzun artikuloak, ala berri-berriak ez diren gailu horiek? Erantzuna, noski, ez da.

Amazon-en inguruan eginiko ikerketa batek askotan aipatu den zerbait azaleratu du: itzultzen ditugun produktuek, sarri, amaiera eskasa dutela. Amazon al da hau gaizki egiten duen bakarra? Ez, noski, baina duen bolumenaren argitan, kezkatu beharko gintuen zerbait da.

Ikerkuntza.

Egindako proba oso sinplea izan zen: hainbat gailu erosi ziren Amazon-en webgunetik, eta denak itzuli gero. Kaxa bakoitzean, hori bai, geolokalizatzaile bat ezarri zen eta produktuen aztarnak jarraitu ziren.

Erositakoen artean jostailuetatik edota eguneroko tramankulu txikietatik hasi, eta iphone-ak bezalakoak arte erabili ziren.

Emaitzak:

Produktuak, eroslearen etxera heltzeko 1 edo 2 egun behar izan zuten horiek, gutxienez 4 egun pasatzen zituzten bueltaka (milaka kilometro kamioietan), kasurik gehienetan astebete, eta kasuren batean hilabete.

Gehienak ez ziren Amazon-en azterketa lekuren batetik igarotzen: biltegietan gordetzen ziren, hurrengo urratsen zain, inork ukitu gabe. Baten bai aztertzen zen, ordea, baina gutxiengoa zen hau.

  • Hilabete eta gero, produktuen 1/3 zabortegietan zeuden. Ez birziklapen ezta ondakinen banaketa prozesurik pasa gabe.
  • Beste 1/3 erosle bitxi batzuei saldu zitzaien: edukiontzi handiak erosten dituzten horiei, barruan zer dagoen jakin gabe edukiontziak erosten dituzten horiei. NOrmalean prezio finkoa izaten dute, 10.000 euro / edukiontzi gutxi gora behera. Batzuetan dirua irabazten duzu horrekin, bestetan galdu.
  • Azken 1/3 berriro jarri zen salgai, tratamendu egokia eman eta gero.

Honek larria eman dezake, baina Amazon moduko enpresa baten eskala ikusita, beldurgarria da. Pentsa, denda fisikoetan produktuen %10a itzultzen da, eta denda elektronikoetan berriz %40a. Urtero milaka milioi produktu saltzen direnez… atera kontuak.

Kasu bitxi bat: Afrika.

Botatzen ditugun objektu elektronikoen gehiengo handi bat edukiontzietan sartu eta Afrikako herrialdeetara bidaltzen da, gehienbat Sahara azpiko inguruetara. Bertan, aurrez azaldutako moduan saltzen dira: gailu elektronikoz beteriko edukiontzi bat erosten duzu… barruan zer dakarren jakin gabe.

Hau egiten dutenen helburua konpon daitekeena konpontzea eta berriro salgai jartzea da. Dendari ertainek egiten dute, ez denda-kate handiek, hau baita produktu asko lortzeko bide bakarra.

Konpondu ezin dezaketena, edozein lekutan botatzen da; egia da, hala ere, antolatuko zenbait eremu daudela horretarako. ETa bertan beste negozio bat jartzen da abian:

Pertsona asko botatako produktu hauek jaso eta erre egiten dituzte. Helburua? Harien kobrea berreskuratzea, geroago prezio negargarri batean saltzeko. Pentsa dezakezuen moduan, prozesu hau oso zikina da eta sekulako eragina dauka bai ingurugiroan zein pertsonengan. Baina, ezer ez daukazunean, halakoengatik kezkatzeko gogorik ere ez daukazu.

Azkena: ¿eta saltzen ez direnak?

Amazon-en kasu konkretuan, saltzen ez diren produktu asko zabortegietan amaitzen dute. Gordetzeak diru kostua dauka (biltegi batean zerbait gordetzeak, metro karratuko prezio bat du; denboragatik, beste bat), eta produktu asko zaharkitu egiten dira. Oparitzea ez da aukera bat, horrek salmenta berriak oztopatuko lituzkeelako. Beraz, produktu askoren helmuga zabortegi bat da, behin ere erabiliak izan gabe.

Bide batez, norbaitek uste badu produktu hauek sailkatu eta banatu egiten direla bota aurretik, birziklapena errazteko edota materialak birbaloratzeko… jai dauka.

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu
  1. 1
    Cosplay

    Ostras que interesante, gracias, la verdad es que cada vez compramos más en amazon y deberiamos apostar por alternativas mucho más cercanas y sostenibles. Gracias por la difusión

Utzi erantzuna Cosplay(r)i Utzi erantzuna