MUko Informazio Sistemak

#mootes11: MoodleMoot Spain 2011 (Donostia, Abenduak 14-15)

Datorren hileko 14 eta 15ean MoodleMoot Spain 2011 topaketak izango dira Donostian. Jardunaldi hauek Moodle plataformaren erabiltzaileak euren esperientziak trukatzeko antolatzen dira, baita komunitate-sarea eratu eta indartzeko ere, networking egiteko parada ere izaten da eta.

Aukera aparta da beraz profila edozein izanda ere (irakasle, administratzaile, garatzaile,…) gurearen moduko arazoak dituztenekin harremanetan jarri eta elkar aberasteko.

Estatu mailan urtero antolatzen diren jardunaldi hauek aurten Nazaret Zentroa eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean antolatu dituzte, besteak beste Mertxe J. Badiola eta Ainhoa Ezeiza daudelarik jo ta su lanean. Mondragon Unibertsitateak ere jardunaldiaren babesle moduan parte hartzen du, eta bertako kideok ere maila ezberdinetan parte hartzen dugu: antolakuntzan lagunduz, komite zientifikoan parte hartuz, jardunaldietan aurkezpenak eta bestelako ekintzak aurkeztuz,…

Jardunaldien programari dagokionez, inaugurazio ekitaldia eta Martin Dougiamas-en bideokonferentzia bidezko parte hartzearekin hasiko dira, eta ondoren bi egunez hitzaldiak, topaketak, tailerrak, etab. egongo dira, partaide bakoitzak gehien interesatzen zaizkionak aukeratu ditzan (hemen daukazue behin-behineko programa).

Azken leku batzuk geratzen direnez, oraindik garaiz zabiltzate izen emateko pauso hauek jarraituz. Animatu zaitezte Moodle komunitatean parte hartzera ez zarete damutuko eta!

Eguneraketa (2011/11/09 19:00): Post hau publikatu eta ordu batzuetara leku kopurua bete da, eta beraz, orain itxaron zerrendan apuntatu eta itxaron beharko duzue. Esan dizuegu azkar ibiltzeko!

Exit mobile version