Web erabileraren azterketa eta estatistikak egitea gustatzen zaidala gauza ezaguna da (lehendik ere idatzi izan dut honen inguruan 1, 2 eta 3 alditan), eta gaurkoan ere horren inguruan hitz egitera nator gaur bertan MUko Moodle-n 2.500.000. bisita erregistratu delako Google Analytics-en (2010eko urtarrilean hasi ziren datuak jasotzen), eta hori aitzaki hartuta urte hauetan izandako bilakaera birpasatuko dut.
_
Estatistika orokorra
Esan dudan bezala, 2010. urtean hasi ziren Moodle-ko datuak jasotzen. Ordutik bisitak urtero %15 igo dira:
Erabileraren igoera honek azpiegitura hobetzera eraman gaitu, eta iaz zerbitzari berri batera pasatu genituen gure Moodle-ak.
_
Nabigatzaileak
Erabiltzaileen nabigatzaileen erabileran ere bilakaera handia egon da:
Datuak jasotzen hasi ginenean Internet Explorer-en (IE) gainbehera hasita zegoen arren oraindik %50ak baino gehiagok nabigatzaile hori erabiltzen zuten. Ordutik IE-ren gainbehera areagotu da eta Google Chrome izan da horretan probetxu atera duena, gaur egun Chrome baita %50ak baino gehiagok erabiltzen duten nabigatzailea. Denbora honetan guztian Firefox %40aren inguruan egonkor mantendu da, baina azkenengo urte honetan jeitsiera nabarmena izan du honek ere eta gaur egun %25tik behera dago.
_
Mugikortasunaren eztanda
Nabigatzaileen atalean “Besteak” multzoa ere nabarmen hazi dela fijatuko zineten agian, eta horren arrazoia smartphone eta tablet-en erabileraren zabaltzean datza, gailu hauetan erabiltzen diren nabigatzaileak baitira atal honetan agertzen diren gehienak.
Urte batetik bestera erabilera bikoiztu (eta gehiago) egin da grafiko esponentziala osatuz, eta gaur egun bisiten %8tik gora horrelako gailuetatik datoz. Ondorioz erabilera hau ere kontuan hartzekoa da jada, eta laster Moodle Mobile aplikazioa erabili ahal izango duen bertsioa jarriko dugu martxan (Android eta iOSen erabili ahal dena momentuz).
_
Hizkuntza
Gure erabiltzaileen artean gaztelera da nagusi eta ia %90ak gaztelera du nabigatzailearen hizkuntza lehentsi gisa, eta euskaraz konfiguraturik dutenen kopurua %9tik %4ra jeitsi da 2010etik hona. Badirudi sarean dagoen nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko kanpaina gure erabiltzaileengan ez duela eragin handirik izan 🙁
_
Sistema eragilea
Bukatzeko sistema eragileen erabilera aztertu dut. 2010ean bisiten %95a baino gehiagotan Windows zen sistema eragilea baina gaur egun %83ra jeitsi da. Tarte hori MacOSX-ek (%8) eta gailu mugikorren sistema eragileek (%5 Android eta %3 iOS) bereganatu dute.
Eta honera arte gaurko analisia, eta datu gehiago jakiteko gogoz geratu bazarete iruzkinetan galdetu dezakezue 🙂