Smartphone-aren bateria nola zaindu


Urrun dira telefonoak soilik deitzeko edo SMSak bidaltzeko erabiltzen ziren garaiak; orain ekintza askoz gehiagotarako erabiltzen ditugu, horren ondorioz smartphone-ari lotuta denbora gehiago ematen dugu eta horrek terminalaren bateriaren energia ahitu. Apur batzuk dira sakelakoaren bateria egunero behin kargatu behar ez dutenak.

Hala ere, ondoren iPhone eta Android smartphone-tarako aipatzen ditugun aholkuak baliagarriak izan daitezke, bateriaren kargak gutxiagotu eta haren bizitza ere luzatzearren (gogoan izan bateria eta pantaila direla smartphone batean gehien matxuratzen diren atalak).

Dead-battery-charge

Praktikan jarri eta zure sakelakoak gehiago iraungo dizu:

  1. Egunera itzazu zure app-ak. Aplikazio bertsio berriek kontsumo hobekuntzak ekartzen dituzte eta horren ondorioz energia gutxiago erabili. Era berean, ahal bada, smartphone-aren sistema eragilea eguneratu, bertsio berriek energia aurrezteko hobekuntzak eskaintzen baitituzte. Esaterako, Apple-k “Energia aurrezteko modua” dakar, eta 6.0 Marshmallow-tik aurrera Android sistema eragileak “Doze” eta “App Standby” funtzionalitateak eskaintzen ditu.

  2. Ez izan app-ik irekita bigarren planoan. Android 6.0tik aurrera “App Standby” moduak erabili gabeko app-en kontsumoa automatikoki kudeatzen du. Bertsio zaharragorik baduzu, gogoan izan aplikazioak eskuz ere geldiarazi daitezkeela!

  3. Zure smartphone-ak eskaintzen dituen energia aurrezte aukerak doitu eta erabili:

    • Telefonoaren pantailaren distira maila eskuz doitzeko jarri; zure smartphone-ak berau automatikoki doitzeko aukera ematen badizu, eskuz doitzeko gaitu, izan ere, une oro argi maila neurtzen duen sentsoreak energia gehiegi gastatzen du eta bateria energia agortu. Era berean distira maila handiegi bada, behar baino energia gehiago gastatuko duzu.

    • Pantaila irudi mugikariak edo aldakorrak ekidin itzazu.

    • AMOLED edo Super AMOLED sistemako pantailak badituzu, pantaila beltzez jartzean bateria aurreztuko duzu. Merkeago diren TFT/LCD sistemakoetan, pantaila beltzez jartzeak ez du eraginik, pantaila backlight batean oinarrituta dago-eta, une oro argia emanez.

    • Dardararik gabe. Smartphone-etako dardara funtzioak bateria energia handia kontsumitzen du, beraz, behar ez baduzu itzali; esaterako, teklaz tekla idazten ari garenean aktibatzen den dardaratxo hori ekidin daiteke.

    • Telefonoa automatikoki blokeatzearen itxaron denbora laburtu. Zenbat eta denbora gehiago hainbat eta hobeto. Denborarik aurrezten ez dugula emango du, baina batez beste egunero sakelakoa zenbat aldiz desblokeatzen dugun ikusita (jakinarazpenak ikusi, app-ak ireki, …) denbora dezente aurreztuko dugu.

    • Estaldurarik ez, erabili beharrik ez edo erabiltzen ez badituzu, hari gabeko konexioak (wifi-a, bluetooth-a, NFC-a, GPS-a) desaktiba itzazu. Esaterako, wifi-a behar ez baduzu itzali, zeren eta aktibatuta izanez gero eskaneatze eragiketak egingo ditu sare berriak aurkitzearren.

  4. Goian aipatutako sistema eragile zaharragoak badituzu, kanpo aplikazioak ere erabil ditzakezu; esaterako Android sistemarako programaturik dagoen “Doze” aplikazioa (Kasu! ez da Android 6.0 Marshmallow-tik aurrera eskaintzen den sistema, baina izen bera du). Honen bitartez, telefonoa blokeatzen denean, beharrezko ez diren barne prozesu ugari itzaltzen ditu. Telefonoa desblokeatzean, berriz eskura izango dituzu!

  5. Mugikorraren ‘hegazkin modua’ erabili:

    • Alde batetik, terminala kargatzen duzunean ‘hegazkin moduan’ jarriz gero, azkarrago kargatuko duzu.

    • Bestetik bateria gutxi izanik eta denbora batez bateria aurreztu nahi baduzu, ‘hegazkin moduan’ jarri; ondoren ‘hegazkin modua’ kendu eta aurreko egoerara itzuliko zara.

    • Gauez ere bateria aurrezteko, piztu ezazu.

    • Estaldurarik gabeko zonalde batetik igarotzean, erabili. Arrazoia honako hau da: telefonoak jasotako seinalea indar gutxikoa dela detektatzen badu, seinalea hobetzearren eskaneatze eragiketak egiten arituko da, seinale berririk aurkitu gabe. ‘Hegazkin modua’-rekin ez duzu deirik jasoko, baina smartphone-aren beste atal batzuk erabilgarri izango dituzu.

  6. Terminalean instalatuta dituzun aplikazioen kontsumoa aztertu; guztiak behar dituzu? Ez litzateke nahikoa bat behar duzunean orduan instalatu eta erabili? Gutxitan erabili eta asko kontsumitzen duen app-ak instalaturik badituzu, ezabatu. Behar dituzunean ere instalatu ahal izango dituzu-eta!

  7. Ez ezazu inoiz utzi zure bateria erabat hura hustu arte, berriz kargatzearren (egungo bateriak ez ohi dira aspaldian ekoitzi ziren NiCd eta NiMH motakoak). Lagun ugari bateria bizitza luzatzeko ohitura on delakoan da, baina adituek bateriaren birkarga %40 eta %80aren artean denean egitea gomendatzen dute (Li-ion baterietarako karga zuzena %50ean izan daiteke). Bateria maila %0ra jaistea itxaroten badugu ondoren %100era iristearren, hots ziklo osoa behin eta berriz egiten badugu, bateria kaltetu eta bateriaren bizitza laburtuko dugu. Dena dela, adituek karga ziklo osoa hilabetean behin egitea gomendatzen dute, bateria birkalibratzen baitu.

  8. Ez ezazu denbora gehiegiz karga. Aurreko puntuarekin oso erlazionatuta dago. Ez da komenigarri gailuaren bateria %100era arte kargatzea, baizik eta haren kapazitatearen %80aren inguruan uztea. Hau ezin bada egin eta azkenik mugikorraren energia maila %100era iritsi dela ikusten badugu, ahal den azkarren kargatzailea deskonektatzea gomendatzen da, izan ere behar baino denbora luzeagoz kargatzen uzten badugu, karga “miniziklo” batzuk egiten hasiko da eta bateriaren bizitza laburragotu. Beraz, bateria gauero kargatzen uztea ez da ideia ona. A! gogoan izan, bateria kargaturik dagoenean alarmaz jakinarazten duten aplikazioak ere eskura dituzula!

  9. Sakelakoa kargatzean, ez erabili: terminala berotzen da eta kontrako eragina du haren bizitzan.

  10. ‘Push’ edo ‘Pull’. Gure mugikorretan jasotzen ditugun jakinarazpenak “Pull” moduan irits daitezke (gure terminala aldizka konektatzen duenean berritasunen bila zerbitzu bakoitzaren zerbitzariekin) edo “Push” moduan (zerbitzaria da gure terminala zuzenki “informatzen duena”). “Pull” moduak bateria-kontsumo handiagoa sortzen du eta Facebook, Twitter eta posta elektronikoko zerbitzu ugarik (Gmail barne) erabili ohi duten protokoloa da. Beraz baldin eta posiblea bada, aktiba itzazu “Push” aplikazioen jakinarazpenak zure terminalean.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Iñigo Zendegi Urzelai

    Oso interesgarria, Jon Mikel!

    Nik sakelekoan Android-en bertsio moldatua den CyanogenMod [1] erabiltzen dut eta sistema honek kontrol handiagoa ematen dio erabiltzaileari hainbat arlotan. Bateriaren kudeaketa hobetzeko adibidez bateria-modu ezberdinak aukeratu daitezke eta app bakoitzari bateria profil ezberdina ezarri dakioke (adibidez joku bati errendimendu altua eta mezularitza app bati aurrezte-modua konfiguratu dakieke), eta sistemaren profilak erabilita bateria asko xahutzen duten funtzionalitateak (WiFi, Bluetooth, NFC, GPS,…) modu oso errazean aldatu daitezke.

    [1]: http://www.cyanogenmod.org/

  2. 2
    Iker Coranti

    Kaixo,
    Nik neuk ere azkenaldian Android sistema eragilea erabiltzen dut nire sakelekoan. Iñigok aipatu duen bezala, nere kasuan ere bertsio moldatu baten erabiltzale naiz, MIUI[http://www.miui.es]. Kasu honetan estetiko apple etxeak mugikorretarako duen sistema eragilearekin antzekotasuna du, interfaz grafikoan. Android bertsio honek hainbat aplikazio dakartza bateria, baimenak, etb.. egoki kudeatzeko era errazean.

Utzi erantzuna Iker Coranti(r)i Utzi erantzuna