Kooperatibismoaren Ataria: gizartearen begiratu kooperatiboa zorrozteko gailua


Kooperatibismoaren hedapenean eta zabalpenean hutsune handi bat sumatzen dugu. Gizarte erronkak aztertzerakoan edo gizarte eztabaidak zabaltzen direnean, begiratu kooperatiboa ikusezina da, ez da plaza publikoan ikusten.

Irudipen hau bereziki indartsua egin zen EAEko hezkuntza legearen harira zabalduriko eztabaida mingotsean. Ikusi genuenez, eztabaidak hari ugari eta ezberdinak izan bazituen ere, Ikastolek ordezkatzen duten ereduaren argudiaketak, oro har, ez zituen agerian utzi kooperatiba izatearen diferentzial positiboak. Orduan ere, publikotasun eredu administratiboaren oldarraldiaren aurrean, kooperatiba ereduak publikotasun eredu berritzaile bat garatzeko nolako ekarpenak egin ahal dituen eztabaidatik at egon zen afera da.

Sinetsirik gaude paradigma kooperatiboak, administrazio publikoaren eta merkatu pribatuaren aldean, gizarte erronka berriei erantzuteko soluzio berritzaileak eskaini ditzakeela. Baina, horretarako, gizartea begiratzeko ikuspegi kooperatiboa indartu beharra dago, ezinbestean. Urteen poderioz kooperatibismoa enpresa eredu zehatz bati lotzen zaion nozioa bilakatu da, bere esanahia murriztuz, nahiz eta, oinarrian, gizarte antolamendua egituratzeko proposamen gisa abiatu zen. Kooperatibismoaren esanahia berriz zabaltzeko premia sumatzen dugu paradigma honen bueltan jira-biran gabiltzan batzuek. Gizartea aztertzeko ikusmira kooperatiboa zorroztea eskatzen du honek guztiak. Hortik, gero, toki apur bat irabazteko espazio publikoan.

Horri erantzun nahi dio ‘Kooperatibismoaren ataria’ izenpean garatu nahi dugun komunikazio egitasmo berriak. Komunikazio egitasmo xumea izango da bere egituran: blog izaerako artikuluak jasoko dituen atari digitala izango da oinarrizko euskarria, eta sare sozialak erabiliko ditugu artikuluak zabaltzeko. Gure asmoa ez da sobera arranditsua ere: ikuspegi kooperatiboa oinarri harturik gizarteari begiratu bat emateko interesa dugunon txoko partekatua eraikitzea. Analisiak egin, partekatu eta zabaltzeko bitartekoa izan nahi du Kooperatibismoaren Atariak. Ildo honetan, sare sozialen arinkeria eta garraztasunaren aurrean, errespetuzko hausnarketa patxadatsua egiteko espazioa eskaini nahi du Kooperatibismoaren Atari honek.

Egitasmoaren helburu nagusiak honakoak dira beraz: Batetik, gizarte erronken aurrean hipotesi kooperatiboaren aukera bistaratzea eta indartzea. Bigarrenik, kooperatibismoaren paradigman sinisten dugunon elkargune eta aterpea izatea: hausnarketak eta analisiak partekatu eta zabaltzeko, edo informazio eta erreferentzia gune gisa erabiltzeko. Eta, azkenik, kooperatibismoaren baitako ikuspegi edo ‘korronte’ ezberdinen arteko elkarrizketa eta hausnarketa partekaturako gune bilakatzea.

Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegitik abiatzen dugu egitasmoa. Hasi gara tartean behin artikuluak idazteko prestutasuna agertu duten kolaboratzaile sarea ehuntzen. Ez genuke, baina, horretan gelditu nahi. Kolaboratzaileak Atariaren ‘gobernantzan’ kidetu nahi genituzke, gaiak proposatu eta eztabaidagaiak identifikatzeko.

Emankorra izan bedi bidea.

8. Kooperatibagintzan Topaketa

Pertsonen erantzukizuna enpresa kooperatiboan

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga