Agustin Markaidek idatzitako artikulua.
Askotan pentsatzen dugu gure inguruan ari dela bueltaka unibertsoa, eta gauzen hasiera eta amaiera-puntua garela. Historian zehar etengabe egin dugu, batez ere gure mendebaldeko kulturan. Eta gaur egun ere ez gaude horretatik libre. Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa –merkatu-ekonomia baten barruan joko-arau oso bereziak dituena– kasu arrakastatsua eta iraunkorra izateak jakin-mina eta miresmena sortu du aspaldidanik mundu osoan, eta horrek gutako askorengan elikatu du edozein erronka kooperatiboren aurrean erantzunak gure esku izatearen eta eredu definitiboa izatearen pertzepzioa.
Baina, beharbada, hobea litzateke, jarrera apalagoa hartzea, eta ikasteko prest agertzea esku artean ditugun edo etorkizun hurbilean etor daitezkeen galderen aurrean. Aukera interesgarriak ditugu horretan sakontzeko. Batzuek ikasi dugu zaila dela balio kooperatiboak mantentzea haizea balio horien aurka dagoen ingurune batean –bereziki Partaidetza eta Elkartasuna–, eta zorionez esperientzia asko eta askotarikoak dituen ekosistema kooperatibo baten parte izateak balio horiek mantentzen eta egokitzen laguntzen duela, baita baliook indartzen ere. Pentsa daiteke ekosistema hori gero eta aberatsagoa, zabalagoa eta askotarikoagoa izanda, eta ekosistema horretatik ikasteko gero eta kapazagoak garen heinean, are aukera gehiago izango ditugula geure buruari egiten dizkiogun eta egingo dizkiogun galderetarako erantzun aurreratuagoak emateko.
Izan ere, sarritan, inguruan dauden ereduak erabiltzen ditugu enpresa-arazoak eta arazo sozialak kudeatzeko. Kudeaketa-eredu estandarra baitira, baita guretzat ere. Inguruko kudeaketa- edo finantza-tresnak erabiltzea berez ez da arazoa, baina bai kudeaketa-eredu osoa eta azken helburuak ere ingurutik hartzea. Baina joera natural horri aurre egin nahi badiogu, eredu kooperatibo alternatiboak eta hausnartuak izan behar ditugu, eta, horretarako, lan egin behar dugu daudenak ezagutzeko, baloratzeko, egokitzeko… beharrezkoak direnean eta behar diren lekuetan eskuragarri egon daitezen.
Berri bikaina da “KoopAtaria” sortu izana, eta unibertsitatetik sortu izana. Denborak esango digu nora helduko den, baina nik espazio zabala ikusten dut ideiei buruzko proposamen eta eztabaidarako eta esperientzia kooperatiboak ezagutzeko, eta hori modu dinamikoan egiteko aukera eman dezake plaza birtual honek. Espero dut, gainera, patxadaz aritzeko gunea izango dela, eta ez kasu zehatzetarako berehalako konponbideak bilatzeko gunea, hori zuzendaritza-taldeek, kudeatzaileek, aholkulariek eta abarrek jorratu behar duten eremua baita. Baina espero dut arituko garela begirada zabaltzeko eta sakontzeko jarrerarekin, aukerak zabaltzeko.
Asko dira arreta merezi duten eta ekarpena egin dezaketen eremuak, adibidez, bost hauek:
Mundua kooperatibaz beteta dago, oso handiak eta oso txikiak, elkartuak edo bakartiak, oso arrakastatsuak eta arrakasta gutxiago dutenak. Eta gure inguruan ere badaude. Zoragarria litzateke KoopAtaria haientzat guztientzat interesgarriak diren ideiak eta esperientziak azaltzeko eta eztabaidatzeko lekua izatea: edonongo pentsalari, aditu eta filosofoek bertan beren ezagutza, gogoeta eta proposamenak eskaintzeko eta gainerakoek parte-hartzeko . “Atari” izena bera (sarrera, aterpea…) gonbidapena da zentzu horretan. Kooperatiba askok lehen mailako gizarte-premiei heltzen diete, eta eguneroko eztabaidan parte hartzen dute: etxebizitza, hezkuntza, osasuna, zahartzea, immigrazioa… Lan horietan ez dute abiapuntu moduan kudeaketa-publikoa edo pribatua hartzen, ez bada Enpresa Sozialarena: baliabideak eta kudeaketa optimizatzen dituen eta emaitzak sozializatzen dituen eredua. Aldarrikatu behar genukeen eredua da, eta jarraitu beharko genuke esperientziaz osatzen.
Eremu kooperatiboa zabala da, eta hala izan behar luke. Belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jaso dugu formula kooperatiboa helburu izateaz gain gizartea eraldatzeko tresna bat denaren ideia. Beraz, gizartea eraldatzeko helburuak dituzten beste esperientzia batzuetatik ikas dezakegu, baita horiek lortzeko baliagarriak diren eta gure funtsezko balioekin bateragarriak diren beste tresna ekonomiko edo juridiko batzuetatik ere.
Etorkizunari begiratzeak aurrez aurre jartzen gaitu galdera handiekin: nolakoak izango dira enpresak eta industria kontsumo eta ekoizpen jasangarriko mundu batean, “hazkundea” ongizateaari lotuko zaion gizarte batean eta kontsumoa etorkizunari baliabideak lapurtu gabe egingo den garai batean? Zein izango da kooperatibek bilaketa eta eraldaketa horretan izango duten zeregina? Gizarte-enpresek nola jarriko dituzte aurrez aurre botere ekonomiko eta politikoa eta aberastasuna esku gutxiagotan eta leku gutxiagotan biltzeko joera duten indar ahaltsuak?
Gure funtsezko balioei buruzko hausnarketan sakontzeak balio horiek hobeto kudeatzen, gobernantza kooperatiboa garatzen eta arazoak prebenitzen lagun diezaguke. Lagundu gaitzake gure ingurunean gertatzen ari diren aldaketa sozial eta teknologiko garrantzitsuak gogoetara ekartzen, esaterako, etorkinen inkorporazioa edo sare sozialen eta adimen artifizialaren eragina. Noski, kontuan hartuta kooperatibek beren negozioen hazkundearekin eta bilakaerarekin bizi dituzten eraldaketak. Azken batean, gure galderen, definizioen eta praktiken katalogoa hobetzen lagun diezaguke.
Laburbilduz, gerrak eta giza-espeziearen iraupenak berak estutzen duten mundu honetan gehiegi dira orainari eta interes partikularrei soilik begiratzen dieten ikuspuntu mugatuak, eta behar ditugu ekarpenak kohesio soziala hobetuko dutenak, parte-hartzea eta elkartasuna sustatuko dutenak. Unibertsitateko eta kooperatiba-enpresetako pertsonok lagun dezakegu norabide horretan proposamen esanguratsuak eraikitzen, gure kooperatibei eta, oro har, gizarte-enpresei beren hausnarketetan laguntzeko, gai horiei buruzko ezagutza orokorra zabaltzeko eta gizarteak kooperatiben balioen egokitasuna ekarpen praktikoagatik estimatu dezan. Asmoa da ahots eta esperientzia kooperatiboak denbora luzez iraungo ez duten bitxikeriak baino gehiago izatea, gizarteak behar dituen erantzunetarako baliagarriak izatea eta horrek, ahal den neurrian, fruituak ematea. “Kooperatibismoaren Ataria” horretarako tresna izan daiteke.
Kooperatibagintza 2023-2024
2023/10/09