Ekainaren 10ean Eskoriatzako HUHEZI Fakultatean IV. Kooperatibagintzan Topaketak antolatu genituen. Kooperatibagintzan Topaketen laugarren edizioa izan da aurtengoa; jatorrian, 2013. urtean, lehenengoz antolatu genituenean Kooperatibagintzan Aditu Tituluko ikasleen eskari bat zegoen: kooperatibetako eguneroko lan eta kezketatik haratago doazen gogoeta eta ideiak trukatzeko espazioak sortzeko eskaria hain zuzen.
Bokazio horrekin sortu zen jardunaldi hau, baina azken bi (ikus III. Kooperatibagintzan Topaketak) urteetan modu irekiagoan planteatu ditugu. Mondragoneko kooperatibek eta ekonomia sozial eta solidarioko hainbat eragileek erronka partekatuak ditugu eta desafio horiei elkarrekin erantzuteko asmoa dugu.
Mondragoneko hainbat kooperatibatan eta eraldaketa sozialaren dimentsioan sakontzeko apustua gero eta garbiagoa da eta aldi berean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan ekonomia sozial eta solidarioko ekimenak gero eta indar gehiago hartzen ari dira eta horietako askok eraldaketa soziala dute ipar eta oinarri.
Testuinguru horretan oinarrizko galdera bati erantzun nahi izan genion: Nondik nora joan behar dira XXI. mendeko ekinbideak? Ze desafiori eta nola erantzun behar diogu arlo honi ekonomia sozial solidarioko ekimen moduan?
Galdera horri erantzuteko bi atal izan zituen jardunaldiak. Lehenengoan kooperatibagintzaz, eraldaketa sozialaz eta garapen komunitarioaz lotutako esperientzietan sakontzeko aukera izan genuen. Aitzol Loyolak, Eraldaketa Soziala Arrasateko Kooperatiba Esperientzian izeneko hitzaldia eskaini zigun.
Aitzol Loyola. Lanki Ikertegiko kidea, soziologoa formazioz, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, urteak daramatza beste lan batzuen artean Lankin Arrasateko Kooperatibetako kideei zuzendutako formazio saioak diseinatzen eta dinamizatzen, eta Eraldaketa Soziala Arrasateko Kooperatiba Esperientzian da bere ikergai nagusietako bat.
Bideo honetan jaso genituen, Aitzol Loyola Lanki Ikertegiko kideak esandakoak.
Xabier Itzaina (Itsasu, 1971) zientzia politikoetan ikerlaria da. Ikerketa Zentro Nazionaleko (CNRS) Bordeleko Unibertsitateko Emile Durkheim zentroan dihardu gaur egun. Bere ikerketak hiru ardatz ditu: erlijioa eta politika Europa Hegoaldean; herri kulturen soziologia historikoa; eta gizarte ekonomiaren lurralde dinamikak.
Ondorengo bideoan, Xabier Itzainak Iparraldeko kooperatibismoaren azken hamarkadetako bilakaera azaltzen du, eraldaketa sozialaren dimentsioari arreta eskainiz.
Elba Mansilla, Kataluniarra, kazetaria da formazioz. Okupazio mugimenduan, esperientzia autoeratuen munduan eta feminismoaren alorrean ibilitakoa eta dabilen pertsona da. Egun, besteak beste, Kataluinako Xarxa de Economia Solidaria sareko “Comisión de economias feministas” taldeko kidea da.
Hamar urte daramatza La Ciutat Invisible Kooperatiban. Kooperatiba hau Bartzelonako Sants auzoan kokatzen da eta auzo mailan martxan dagoen prozesuaren berri ematera gonbidatu genuen. Hiri handi batean, testuinguru guztiz urbanoan, ekonomia sozial eta solidarioaren bueltako ekimenen berri eman zizkigun.
Horra hor bere hitzaldiaren bideoa.
Gorka Espiau. Agirre Lehendakaria Center-eko kidea da eta Michael Young Fundazioko nazioarteko harremanen eta Eraldaketa komunitarioko zuzendaria. Fundazio hau nazioartean erreferente da gizarte berrikuntzaren alorrean. Hirurogei urte baino gehiago daramatza Erresuma Batuan, zein beste herrialde batzuetan, eraldaketa komunitariorako estrategiak garatzen.
Gorka Espiauk Young Foundationen berrikuntza sozialeko proiektuak garatzeko landu duten metodologia aurkeztu zigun. Horra hor bere azalpena jasotzen duen bideoa.
Enekoitz Etxezarreta Donostiarra da eta Ekonomia Aplikatuko irakaslea da EHUn. Era berean, Gizarte ekonomia eta zuzenbide kooperatiboko ikertegiko, Gezkiko kidea da. 2013an Quebec-eko Urnibertsitateak Montrealen duen CRISES (Centre de Recherche sur les Innovations Sociales) institutuan egonaldia egin zuen, gizarte berrikuntza eta gizarte ekonomiaren arteko loturak aztertzeko. Egun gizarte ekintailetza, parte hartzea eta ekonomia solidarioko esparruei buruz ikertzen du.
Hemen Enekoitzen hitzaldia jasotzen duen bideoa
Bigarren atalerako dinamika partehartzaile bat proposatu genuen eta talde txikietan bilduta ekimen zehatzak planteatzeko ariketa egin genuen.
Azkenik, eta saioaren sintesi-itxiera egiteko Igor Ortegak bertan entzun eta landutakoaz aurrera begirako egitasmo eta bide posibleen inguruko sintesi propositibo bat egin zuen. Igor Ortega Lankiko kidea da eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, kooperatibagintzaz zein garapen komunitarioaz lotutako prozesu eta ikerketa proiektuen bueltan dihardu azken urteetan.
Hemen Igorrek landu eta azaldu zituenak jasota dagoen bideoa.