“1950. urtera arteko historia osoan baino aberastasun gehiago pilatu da azken 50 urteetan”.
Luis Guridi irakaslea gidari dugula, azken hamarkadetan munduak izan dituen gora behera ekonomiko nagusiak ezagutu ditugu. 1950. urtea jarri dugu abiapuntutzat, batetik, hurrengo hamarkadetan ekonomiaren hedapen eta hazkundea handiak izan zirelako, bestetik, sei urte lehenago, ekonomia mundialaren oinarri berriak ezarri zirelako.
Hazkunde eta hedapen hori aldaketa batzuetan oinarritu zen: teknologia berriak, energia merkea, lanaren antolaketa berria eta liberalismotik keynesinismorako bidea. Ekonomia mundialak erabaki eta erakunde berrietan ezarri zuen oinarria: Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua eta merkataritzari buruzko akordio orokorrak. Urte onak izan ziren mendebaldearentzat.
Garai distiratsu hark, ordea, amaiera izan zuen. 70.hamarkadako krisiak berriz ere ateak ireki zizkion liberalismoari, eta hurrengo urteen ondotik globalizazioan sartu omen ginen. “Omen” diogu, Guridik egungo ekonomiaren globalizazio hori kuestionatu duelako. Izan ere, egun, komertzio gehiena munduko hiru zonaldetan kontzentratzen da: Ipar Amerikan, Europan eta Asiako zonalde batzuetan. Hortaz, globalizazioaren aurrean baino erregionalizazio baten aurrean gaudela esan daiteke; gainera,zonalde horietatik kanpo dauden herrialdeek oso pisu txikia dute mundu ekonomian.
Globalizazioa, neurri batean behintzat,baztertu arren, mundu osora hedatzenden fenomeno bat badela azaldu digu: ekonomiaren finantziariazioa. Enpresa transnazionalak erregulazio gabeko eremuan ari dira dirua mugitu eta mugitu, zorrean oinarritutako “aberastasuna” sortzen, eta, modu honetara, ekonomia finantziarioak ekonomia produktiboa ordezkatu du.
Enpresa transnazionalak izan dira prozesu edo ordezkatze horretan irabazleak, nola ez, eta beraien irabaziak geroz eta handiagoak izaten jarraitzen dute. Bitartean, gizakion arteko desberdintasunak eta esklusio egoerak areagotuz doaz; krisi ekologikoan murgilduta jarraitzen dugu; segurtasun-gabezia handiagoa dugu, edo Zuzenbide Estatua ahuldu da, ondorio batzuk aipatzearren.
Egoera honen aurrean, Guridik erregulazioa beharrezkoa dela nabarmendu du, baita elkartasunean oinarrituko den globalizazioa bat ere. Eta jakina, orain arte bezala etorkizunean ere, kooperatibek paper garrantzitsua jokatuko dute, pertsonak kapitalaren aurretik jartzeko asmoan.