Lanean eta ikasten ibiltzea ez da gauza erraza. Baina gure ikasle asko hortan dabiltza, gogotsu eta pozik gainera. Hemen uzten dizuegu lana eta ikasketak partekatzen dabilen ikasle baten bizipenak. Eskolako bizipen asko daude hemen gordeta!! Eutsi gogor Endika!
«Eskolan urte batzuk daramatzan ikaslea naiz; denborarekin eskolaren parte bihurtu naizela esan daiteke, gainera.
Eredu zaharrean hasi nituen ikasketak (2002 planaren barruan arautzen zirenak). Garai horietan PBL-ak eta taldeko lanak klase orduetatik kanpo burutzen genituen. Gure egunak modu honetan banatzen ziren/dira: 5 ordu “derrigorrezko” klaseak, 4 ordu lan eta, ondoren, aurrera atera beharreko taldeko lanak, PBL-ak, praktikak, ikasteko denbora eta bakoitzak bere bizitza pertsonalean burutzen ditugun gainontzeko gauzak.
Egia esanda ez da erraza, denborarekin ardura gehiago bereganatzen joan garelako (klaseko delegatu, ikasle kontseiluko kide aktibo, errektoretzako kide) eta dena pikutara bidaltzeko momentuak ere egon dira, BAI dudarik gabe, gehienbat taldeko lan desberdinak aurrera ateratzea ez delako erreza. Lan egiten ez duten taldekideek zuk ez dauzkazun 4 ordu dituzte libre eta zaila da lana antolatzea.
Dena dela, lanak klaseak eman ezin dituen gauza asko eman eta erakusten ditu. Formazio gehigarria lortzen da, pertsona moduan hazi egiten da, proiektu baten parte sentitzen da eta lortzen den diruarekin karga ekonomikoa arintzea lortzen da.
Eskolan lanik egin gabe ikasketak aurrera ateratzea erosoagoa dela ez dago zalantzarik, baina eskolako lanetan parte hartzeak guk uste baino gehiago ematen digu eta hau soilik denborak erakusten du. Bitartean nekea eta buruko minak pilatzen doaz bai, baina urtea bukatu eta atzera begiratzerakoan, lasai asko esan dezakezu gai izan zarela norberaren bizitza aurrera ateratzeko zailtasun guztien gainetik eta, gainera, formakuntza gehigarri eta berezia lortu duzu.»