Erasmus atzerrian: joan aurrekoak!


Gaurkoan gure ikasle baten bizipenak dakarzkigu gurera: Iraitz Arrospide. Benetan istorio polita!

Ondorengo lerroetan nire atzerriko egonaldiaren esperientzia helarazi nahi nizueke blog hau irakurtzen duzuen guztioi. Batzuentzat Erasmus egonaldiaren oroitzapenak berritzeko balioko du, besteentzat berriz, kanpora joateko gogoa pizteko. Zalantzarik gabe, merezi du mota honetako esperientzia bat bizitzeak, bizitzaren ikuspegi berri bat lortzen da unibertsitatean ikasi ezin daitekeena. Besterik gabe nire kasua kontatzen hasiko naiz, espero dut interesgarria eta zuen gustukoa izatea.

Erasmus Boeing Sheffield MU Iraitz Arrospide

Ez zen erraza izan niretzat Euskal Herritik irteteko erabakia hartzea, beti izan naiz nahiko koldarra esperientzia berriak bizitzeko garaian eta gainera pozik bizi nintzen gurasoekin etxean, gauza askotaz arduratu beharrik gabe. Oztoporik handiena, hala ere, neska laguna izatea zen niretzat; urte asko elkarrekin pasa ondoren urte betez aldentzea ezin nuen pentsatu ere egin.

Nahiko erraza da, hala ere, eskaera orrian izena jartzea, atzerrira joateko aukeratua izatea espero ez baduzu behintzat. Eguna iritsi eta aukeratua izan nintzenean gauzak asko aldatu ziren, alde batetik beldur handia ezezagunarekiko, ez bainekien nora joango nintzenik ere, baina beste aldetik bizitzan behin pasatzen den trena ikusi nuen. Nire lagun batzuk joateko ilusio handia zuten baina ez zuten aukerarik izan, beraz, nik ezin nuen trena pasatzen utzi axolarik gabe eta ausardia pixka batekin aurrera begiratzea erabaki nuen. Esan beharra daukat etxean laguntza handia jaso nuela esperientzia berriari ekiteko bultzada jasoaz, baita neska lagunarena ere. Hasieratik ulertu zuen aukera honi ezin niola muzin egin.

Hilabete batzuk beranduago jakin nuen zein izango zen nire egonaldia burutuko nuen lekua. Jada udan sartuta, hondartzan lanean ari nintzela, atseden orduan deitu zidaten. “Sheffield-era zoaz, Ingalaterrara” esan zidaten. “AMRC with Boeing zentro teknologikora”. Une horretan ezin nuen entzuten ari nintzena sinetsi. Alde batetik Ingalaterrara nindoan, hainbeste urtez ingelesa ikasten pasa ondoren benetako ingeles maila lortzeko leku perfektura. Bestalde, Boeing-ekin zuzenki erlazionaturiko enpresa bat izango zen ni hartuko ninduena proiektua burutzeko. Loteria tokatu zaionaren irribarrearekin hasi nintzen berria zabaltzen, batera eta bestera. Loteria ez, uste dut hobea tokatu zitzaidala! Barkatuko didate atseden ondoren igeriketa klasea jaso zuten mutiko/neskatoek, ez nuen behar zen kontzentrazio maila eman, nire burua iada Sheffield-eko AMRC enpresan baizegoen.

(jarraituko du)

+ No hay comentarios

Añade el tuyo