Ingeniería Industrial

II. Competición de Coches Teledirigidos – Kotxe Telegidatuen II. Lehiaketa

Ingeniaritza Industrialeko masterreko ikasleak kotxe telegidatu baten karrozeria diseinatzen eta fabrikatzen egon dira murgilduta 1. seihilabeteko proiektuan. Proiektu honen erronkak kotxe arina, segurua, azkarra eta iraunkorra lortzea izan dira.

Proiektua karrozeriaren diseinuarekin (Styling) hasi zen. Horretarako egoki ikusi genuen Diseinu Industrialeko graduko ikasleekin elkartu eta haiekin diseinuaren esperientzia aurrera eramatea. Helburu honekin astebeteko Workshop-a antolatu genuen bi titulazioetako ikasleentzat, zenbait formazio saio eskaini zirelarik: Design Thinking, sormen teknikak, maketaziorako jarraibideak …

Behin diseinua erabakita, Ingeniaritza Industrialeko bi espezialitateetako ikasleek osatutako taldeekin egin zuen aurrera proiektuak. Horrela, kotxearen garapenean mekanika eta materialak eta hauek prozesatzeko tekniken ikuspuntuak uztartu ziren. Ikasleek karbono eta beira zuntzezko karrozeriak diseinatu dituzte, eta seguru gaude hasierako eskakizunak beteko dituztela, simulazioko erremintekin egiaztatzeaz gain bihurdura-saiakuntzak, bibrazio-saiakuntzak eta talka-saiakuntzak (crash-test) gainditu baitituzte!

Proiektuaren amaieran sei kotxe proposamen lortu ditugu eta San Pankrazioko kotxe telegidatuen II. lasterketan ikusi ahalko ditugu (maiatzaren 9an). Aurrerapen moduan, proiektuko irudi batzuk erakusten dizkizuegu eta egindako lana jasotzen duen bideo bat ere hemen duzue. Zorionak parte hartu duzuen ikasle guztioi!

 

Salir de la versión móvil