Jokin Otaegi Industri Masterreko bigarren mailako ikaslea dugu. Momentuan, bigarren seihileko honetan, Erasmus joan da Alemaniara Master Bukaerako Proiektua egitera. Jokin, Eskuminak Arrasatetik!
Aurreko urtean Jokinek EKITEN-en parte hartu zuen eta baita saria irabazi ere. ZORIONAK Jokin zure lanagatik!
Bere esperientzia gurekin partekatzeko eskaera luzatu diogu eta hona hemen bere bizipena…
«Kaixo Ikaskide,
Joan den ikasturtean, Industri ingeniaritza masterreko 1. maila burutzen ari nintzela, Berrikuntzako ikasgaian izan nuen lehenengoz EKITEN txapelketaren berri. Bertan, irakasleak aipatu zigun txapelketa horren helburua eta urte horretan, Hiri adimentsuak edo “Smart Cities” gaia, izango zuela ardatz. Hori zela eta ikasgelan, gai berdinari buruzko lantxo bat proposatu zitzaigun.
Lan honetan, inteligentzia konpetitiboa garatzea zen helburu, hau da, “artearen egoera” moduko zerbait egitea, interneten gai hauen inguruan enpresak zer garatua duten eta zer ideia garapen bidean dituzten aztertzea. “Smart Cities” delakoa atal desberdinetan bana daiteke: “Smart Economy”, “Smart Governance”, “Smart Mobility”, “Smart People”, “Smart Living” eta “Smart Environment”. Ikasgelan talde desberdinak egin ziren eta bakoitzak gai bat aukeratu zuen. Ni eta nire ikaskideek mugikortasunaren gaia landu genuen, honetarako “PRT” edo “Personal Rapid Transit” delako gailuaren inguruan zentratu ginelarik. Hau lurretik altuera batera kokatuta dauden errail batzuetatik ibiltzen den auto elektriko moduko bat da.
Oraindik ere gutxi sakondu den garraio mota bat da, Londresko Heathrow aireportuan, Abu Dhabi eta Morgantown-en (Mendebaldeko Virginia) bakarrik dago martxan eta pare bat proiektu India eta Korean jartzekotan dira.
Horrenbeste gustatu zitzaidan ideia, EKITEN txapelketan parte hartzea bururatu zitzaidala eta oso motibatuta taldekideengana jo nuen parte hartzea proposatuz. Baina txapelketarako egindako lanean oinarritu gintezkeen arren gehiago sakondu beharra zegoen eta azterketen garaia erdiz erdi harrapatzen zuenez atzera bota ziren.
Esan bezala horrenbeste gustatzen zitzaidan ideia, aurrera jarraitzea erabaki nuela, nahiz eta goizetan 4 orduz AMPOn lanean ari nintzen, arratsaldez 5 orduz klaseak ematen nituen eta etxera arratsaldeko 7:30etan iritsi ondoren azterketak prestatu behar nituen.
Nonbait epaimahaikideei nire lana gustatu zitzaien eta honela Hiri Adimentsuen Alorreko Ideien IV. Lehiaketan 3. saria lortu nuen. “
Jokin, ZORIONAK berriro ere mila esker gurera etortzeagatik. Alemaniako egonaldiari ahalik eta etekinik handiena ateratzea opa dizugu Industri Masterreko ekipotik.
Aurtengoan ere EKITEN hementxe dugu eta Jokin Otaegiren moduan ANIMA ZAITEZTE!