Produktu, zerbitzu edo espazio berriak diseinatzerakoan pertsonen aniztasuna kontuan hartzean datza diseinu inklusiboa; adin, sexu, gaitasun nahiz arraza ezberdineko pertsonak aintzat hartzea, alegia. Hau da, “denakkontuan hartzea ahalik eta pertsona gutxien baztertzeko gure diseinu berriekin”, laburtzenduArantxa Gonzalez de Heredia Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko irakasle eta ikertzaileak.
Diseinu mota hau arkitekturan aplikatu da, gehien bat, orain arte. Dena den, beste hainbat esparrutan ere ari dira diseinu inklusiboa txertatzen. “Agian ez ditugu identifikatzen produktu diseinuan edo zerbitzuen diseinuan hainbeste adibide, baina diseinu inklusiboak, nolabait, merkatu berrietara zabaltzeko aukera ematen die enpresa eta erakundeei”, dio Arantxa Gonzalez de Herediak.
Praktikara ekarrita, ondorengo adibidea jartzen du Diseinu Berrikuntza Zentroko irakasle eta ikertzaileak: “iturriak irekitzeko heldulekuak, lehen, haridunak ziren. Bi hari zeuden: hari bat ur hotzarentzat eta beste bat ur beroarentzat. Gero, mando bakarreko iturriak diseinatu ziren artrosia zuten pertsonentzat, baina fabrikatzaileak eta erabiltzaileok konturatu ginen askoz erosoagoak zirela pertsona guztientzat. Horregatik, gaur egun, oso zaila da haridun iturriak ikustea”.
Estatistiken arabera -ofizialki- ezgaitasunen bat duten pertsonak %10a dira. Beraientzat sortzen diren soluzioek, ordea, denontzat balio dute. Adibide honek hori berresten du.
Gizartearen zahartzea
Era berean, kontuan hartzekoa da 2050ean estatu mailan gizartearen herenak izango dituela 60 urte baino gehiago. Orduan (eta baita gaur egun ere) pertsona nagusien merkatua aniztasun handikoa izango da, baina enpresek ez dute horrela ulertu orain arte, “eta pertsona nagusientzat diseinatu diren produktu gehienak estereotipoetan edo aurreiritzietan oinarrituta daude”.
Etorkizunean, beraz, lan handia dago egiteko diziplina honetan eta Mondragon Unibertsitatean aukera horri heldu diogu. Esaterako, digitalizazioaren ondorioz, produktu fisikoak eta digitalak nahasten ari gara, eta ez da hain erraza batean eta bestean sortzen diren mugak gainditzea.
Erronka horri eta beste hainbesteri aurrea hartzeko, Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroak hiru arlotan egiten du lan:
● Hezkuntza arautua
● Ikerketa
● Transferentzia
Hiru ardatz horietan helburu jakin batekin egiten du lan Mondragon Unibertsitateak: “etorkizunean benetan inklusiboa den gizarte bat lortzeko”, azaldu du Gonzalez de Herediak. Horretarako, erreminta berriak ari dira garatzen diseinu inklusiboa ondo aplikatzeko.
Diseinu Berrikuntza Zentroan 17 pertsona daude eta, momentu honetan, 6 tesi ari dira garatzen produktu-diseinuan, zerbitzu-diseinuan, erabiltzaileen esperientzian eta diseinu inklusiboan.
Prestakuntzari dagokionez, Mondragon Unibertsitateak gai honen baitako gradu bat eta master bat eskaintzen ditu:
– Industria-Diseinua eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza gradua
– Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoan unibertsitate masterra
Honekin guztiarekin, ikasleak etorkizuneko erronkei diseinu inklusiboarekin erantzuteko formatuko dira. Eta, era honetan, gizarte inklusiboago batean bizitzeko aukera bermatuko da.