LANKI Mondragon Unibertsitateko kooperatibismoari buruzko ikertegia da, kooperatibismoa eta gizarte erronkak etengabe konexioan jartzeko helburu duena.
Horretarako, eta Aitzol Loiola LANKIko ikerlariak azaltzen duenez, hiru galdera jartzen dituzte beti abiapuntuan:
- Zeintzuk dira gaur egungo joera nagusiak eta etorkizuneko erronka nagusiak? Eta, zehazki, joera eta erronka horiek Euskal Herrian nola gauzatzen dira?
- Mugimendu kooperatibotik zein ekarpen egiten da gure gizartean? Hau da, zertan asmatzen da eta zer komeni da birpentsatzea?
- Erronka horiek zer desafio jartzen dizkioten mugimendu kooperatiboari?
Aitzol Loiolak azaltzen duenez, galdera horiekin “etorkizunari begira kooperatibek zer desafio dituzten eta desafio horiei ikuspegi kooperatibo batetik nola erantzun diezaiekegun” jakiten da. Eta hori da, bere esanetan, Lankiren eginkizun nagusia.
Gaur egungo erronka nagusiak
Gaur egungo erronka nagusiak zeintzuk diren galderari bost erronka nagusirekin erantzuten zaio LANKItik.
- Erronka ekonomikoa: ekonomia globalizatu honetan Euskal Herrian ekonomia eta enpresa-egitura aurreratuak nola eraiki asmatzean datza, etorkizunean guztiok gure behar ekonomikoak asetzeko.
- Erronka soziala: estatistikek erakusten dute mundu mailan ezberdintasun sozialak handitzen ari direla, baita gure lurraldean ere. Helburua ez da bakarrik aberastasuna sortzea, baizik eta sortzen den aberastasuna modu justuagoan banatzea ere.
- Erronka kulturala: gero eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Etorkizunari begira garrantzizkoa da ongizate indibiduala eta ongizate kolektiboa uztartzen dituen kultura bat elikatzea.
- Aldaketa klimatikoaren erronkak guztia birpentsatzeko beharra ekarriko du: ekonomia ulertzeko modua, enpresan jarduteko modua eta baita gure bizimodua ere.
- Generoaren erronkak gure kultura eta gure egiteko modua birpentsatzeko beharra jartzen du mahai gainean, bai gizarte bezala baita kooperatibetan ere.
Kooperatiben ekarpenak gizarteari
Bigarren galderari erantzunez, zeintzuk dira kooperatibak gure gizartean egiten dituen ekarpenak?, Aitzol Loiolak enplegu alorrean egiten dituzten ekarpenak azpimarratzen ditu. “Kooperatiben helburua beti izaten da bertan enplegua sortu eta mantentzea”, eta gehitzen du: “saiatzen gara hurrengo belaunaldiek ere aukera hori izan dezaten. Hau da, gure seme-alabek ere bertan lan egiteko aukera izaten”.
Kooperatibek egiten duten beste ekarpen bat aberastasuna modu askoz ere orekatuagoan banatzea da. Eta azkenik, “gure herrietako proiektu eta kolektibo asko laguntzen ditugu kooperatibaren fondo sozialen bitartez”. Bide horretatik, bi arlo nabarmentzen ditu Aitzol Loiolak: hezkuntza eta euskara.
Baina LANKIren ikuspuntutik, alor honetan salto kualitatibo bat emateko unea da. “Nola egin dezakegun hori?” galdetzen du Loiolak. Bi esparru bereizten ditu horretarako: “Bata, kooperatiba barruan esparru honi askoz ere presentzia gehiago emanda; eta, bigarrena, lurraldean beste eragileekin lankidetzan salto kualitatibo bat emanda”.
LANKI ikertegiaren eguneroko jarduna galderak egin eta erantzutea da, betiere kooperatibismotik gizartearen erronkei erantzuna emateko eta gizarte hobeagoa lortzeko.