Teknologiak berrikuntzak ekarri ahala, gizartea aldatu egin da. Geroz eta digitalagoak gara. “Gaur egun, paradigma hiperkonektatu baterantz goaz, non informazioa, datuak eta softwarea edozein lekutan egon daitezkeen”, azaltzen du Goiuria Sagardui Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Software eta Sistemen Ingeniaritza ikerketalerroko koordinatzaileak.
Praktikara ekarrita, ondorengo adibidea jartzen du: “smart city kontzeptuan gailu asko edukiko ditugu eta softwarea edozein dispositibotan egon daiteke. Orain, gainera, software auto-kudeatuta izango da”, dio Sagarduik. “Zer esan nahi du honek? Softwareak bakarrik erabakiko duela zer egin eta nola egin, noiz bidali informazioa… ez guk lagunduta”, gaineratzen du. Hau da, sofwareak autonomia izango du.
Aukera berriak enpresentzat
Paradigma berri honek gure enpresentzat aukera berriak sortzen ditu. “Orain arte garatu ezin izan diren produktuak garatzeko aukera izango dute eta orain arte eskaini ezin izan diren zerbitzuak eskaintzeko gai izango dira”, azaltzen du. Eta hainbeste kode-lerro ulertzeko, garatzeko eta mantentzeko software ingeniariak behar-beharrezkoak dira. Enpresek, hortaz, software profesionalen beharra izango dute.
Software baten batez besteko adina 10-15 urtekoa da, eta urte horietan akatsak zuzendu eta funtzionalitate berriak sartu behar ditu software ingeniariak. “Hau da software ingeniari baten lana: kalitate handiko software egitea. Software ingeniariek kode-lerroa erabiltzen dugu software baten tamaina neurtzeko. Kode-lerro bat da prozesatzaileari ematen diogun agindu bat”, zehazten du.
Kode estandarra
“Softwareak egiten hasi ginenean, orain dela 60 urte, soilik makinan jartzen genuen fokua. Izan ere, softwareak, makinak ulertu eta exekutatu egiten dituzte”, adierazten du Goi Eskola Politeknikoko Software eta Sistemen Ingeniaritza ikerketa lerroko koordinatzaileak.
“Baina laster konturatu ginen hori ez zela nahikoa”, jarraitzen du koordinatzaileak. “Beste garatzaileek ere ulertu behar dutelako gure kodea. Azken finean, haiek mantentze lanak egin behar dituzte; eta software bat ez bada ulertzen, ezin da mantendu eta ezin da erabili”, gaineratzen du. Horregatik, garrantzitsua da software bat ulergarria izatea, estandarra.
Gazteak erakartzeko beharra
Baina Goiuria Sagarduik arantzatxo bat ikusten dio Sofwarearen sektoreari; izan ere, lan-esparru hau ez omen da erakargarria gazteentzat, eta are gutxiago emakumeentzat. “Gure enpresen lehiakortasuna sustatzeko daukagun erronkarik handiena hori da, emakumeak eta gazteak erakartzea software ingeniaritza ikastera. Oso kezkagarria baita Informatikako Ingeniaritza graduan izaten ari garen joera”. Graduak beheranzko joera izan du azken urteetan. Ikasle kopurua jaitsi egin da, bereziki emakumeena.
Langabeziarik gabeko sektorea
Egon dira aditu desberdinak beherakada hau aztertu dutenak, bai Europa mailan eta baita Espainia mailan ere. “Telebistan eta komunikabideetan, oro har, gure profesioari buruz eman den irudia ez da batere ona izan”, azaldu da Goiuria.
Baina errealitatea oso bestelakoa da. “Langabeziarik gabeko profesioaz ari gara, eta garrantzitsuena: gure graduatuei edozein jakintza arlotan lan egitea ahalbidetzen die. Autogintzak, igogailuak ekoizten edo sektore desberdinentzat aplikazioak egiten, besteak beste”.
Etorkizun handiko esparru honek jarraipen aberatsa izateko, Software ingeniariak beharrezkoak izango dira. Hortaz, labur esanda, Informatikako Ingeniaritzaren graduko ikasleak behar dituzte bai enpresek eta baita gizarteak ere.