Mondragon Unibertsitateak apirilean aurkeztu zuen garai berriei aurre egiteko Mendeberri 2025 hezkuntza eredua. Gizartearen erronkei aurre egiteko prest dagoen eredu honek enpresen errealitateari erantzuteko balio proposamen berria ekarriko du. MUniversitas aldizkarirako azken alean Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak azaltzen du zer ekarriko duen eredu berri honek. “Jauzi kualitatibo bat izango da gure hezkuntza ereduan, biharko pertsonak trebatzeko apustu sendoa. Etorkizuneko unibertsitatea amesten ari garen une honetan, Mendeberrik 2025ek gure inertzietatik ihes egiteko aukera eskaintzen digu”, esaten du Pedrosak.
Mendeberri 2025 hezkuntza ereduaren prozesuan Mondragon Unibertsitateko komunitate osoa inplikatuta da. “Ikasleek protagonista bilakatuta espazio berri batera begira ari gara lanean, irakasleak aro berri bati begira formatzeko eta beraien praktikak berrasmatzeko; eta, oro har, sektore profesionaletik harago joango den unibertsitate esperientzia bat eratu dugu”, zehazten du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko dekanoak.
Hezkuntza eredua forma hartzen joan den azken bi ikasturteetan ikasleen zein irakasleen profilean eta eredu pedagogikoan jarri da arreta berezia. “Horren ondorioz, gaur egun mapa kurrikularra garatzen ari gara, eta hainbat prototipo diseinatzen eta testatzen”, dio dekanoak. Ildo honetatik, ikasle eredu berri bat ere ari dira definitzen: “Nire ustez, hemendik irtengo den ikasleak bere burua oso ondo ezagutzen duen pertsona bat izan behar du” dio Pedrosak, eta gaineratzen du: “pertsona sustraitua, konprometitua eta mundura irekia izanik, bizitza osorako ikaskuntza prozesu batean inplikatuta egongo da eta sen kooperatiboa izango du”.
Eredu hibridoak
Bizi garen testuinguru berri honetan, teknologiaren garapena eta digitalizazioa faktore garrantzitsuak bilakatu dira eta hezkuntzan eragin handia izango dute. “Teknologia berrien presentzia askotan mehatxu moduan ikusten dugu hezkuntzan, baina aukera moduan irakurtzen jakin behar dugu, prozesu sortzaileak, pertsonalizatuak eta malguak diseinatzeko aukerak irekitzen dituztelako”, adierazten du Begoña Pedrosak. “Gaur egun, ikasketa esperientziak diseinatzerakoan eredu hibridoetara hurbiltzen ari gara”, gaineratu du.
Garai berriei egokitzeko beharra iparrorratz, inguruko tendentziak aztertzen eta erronka berriak identifikatzen ari dira etengabe Mondragon Unibertsitateko komunitateko kideak. Izaera eta jakin-min honi esker, erronketan oinarritutako metodologia, ebaluazio eredu berritzaileak, lan sekuentziak eta eredu DUAL propioa abiarazi ditu unibertsitateak azken ikasturteetan.
Datozen urteetan, “komunitatean diseinatutako espazio berriak sortuko ditugu, horien artean Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikin berriak ilusio berezia pizten digu”, aitortzen digu Begoña Pedrosak elkarrizketan.