Mondragon Unibertsitateak diziplinarteko taldeak eta proiektu ekintzaileak sortzeko Changemaker Lab laborategia jarri du abian. Korean dagoeneko proiektu honen bi edizio egin dira eta bat, joan den ikasturtean, Euskal Herrian.
Ainhoa Esnaolak team coach-ak MUniversitas aldizkariko azken alean aipatzen ditu ekimen honek sustatu nahi dituen lau balioak:
• Ikasleen diziplinartekotasuna
• Multilokalizazioa ulertzea
• Ekintzailetasunari beldurra kentzea
• Talde indartsu baten eskutik ekaintzailetasuna bizitzea
Bootcamp formatuan erraz inplementatzen den bost hilabeteko programa da Changermaker Lab eta, aurtengo edizioan, 18 partaide izan ditu. Sei modulu (aurkezpena; taldeak eta berrikuntza; negozio ereduak, estrategia eta bezeroak; diseinua; marka, marketina eta salmentak; Madrilera bidaia eta, azkenik, pitching eguna eta ebaluaketa) burutu ondoren, hiru ideia errealitatera eraman zituzten:
• MAAT, sormena eta komunikazioaren bitartez, heziketa sexuala, adimen emozionala eta pentsamendu kritikoa lantzen dituen jolasa. Marina Gonzalez, Aitziber Jimenez, Ane Nafarrate, Lide Rubio, Iraia Simancas, Jone Triviño eta Mario Garciak egina. Lehen saria lortu zuten.
• GURE, botila sostengagarria. Proiektu hau Borja Sarria, Ane Bernaola, Asier Portillo, Ander Cristóbal eta Joaquin Cornejok egin zuten, eta bigarren saria eskuratu.
• ZERO, hortzetako eskuila sostengagarria. Proiektu hau Mireia Arrietaleanizbeaskoa, Maider Fernández, Aritz Ó hAonghusa, Ekain Nogueira, Euken Sagardia eta Jon Vitalek egin zuten.
Changemaker Lab-ek MTA (Mondragon Team Academy) metodologia aplikatzen du, bi ezaugarri bereizle eskainita: partaideek diziplina jatorri ezberdinetakoak izatea eta fakultate ezberdinen arteko lotura. Bertan, fakultate eta gradu ezberdinetako ikasleek elkarren arteko harremanak ezarri dituzte, talde lanean ideiak eta proiektu errealak formazio praktiko baten bitartez garatuz.
Bestalde, hezkuntza ereduaren paradigma aldatzen du Changemaker Labek, ikaslea maker bihurtuta eta irakaslea mentore. Irakasgaiak landu beharrean, erronka errealei aurre egiten die partaideek diziplinarteko eremutan.