Learning From Reality

Zein da Mondragon Unibertsitateko ikasleen profila?

Zein profil dute Mondragon Unibertsitatera hurbiltzen diren ikasleek? Nola egin dezakegu hauen jarraipena? Galdera hauek erantzuteko asmoz,  Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko talde batek -gainontzeko fakultate guztiekin elkarlanean- Eragin proiektua martxan jarri zuen 2016an.

Gradu bakoitzaren ikuspegi teknikotik harago, sormena, konpromisoa edo kritika gaitasuna bezalako baloreak aintzat hartuta, ikasleen profila definitzea eta, ikasleak berak, titulazioen erdigunean jartzea da berrikuntza prozesu honen helburu nagusia. Izan ere, hobekuntza eta berrikuntza prozesuak bideratu ahal izateko, ikasleari buruzko informazio esanguratsua emango diote unibertsitateari Eragin proiektuaren emaitzek.

Iaz, 22 entitate talentuaren inguruan eztabaidatzeko bildu ziren

Hiru une estrategiko

Ikaslearen jarraipena egiteko hiru momentu estrategiko definitzen dira Eragin proiektuan:

  1. ikaslea unibertsitatera iristen denean
  2. graduko bigarren kurtsoa gainditzean
  3. gradua bukatuta, unibertsitatea uzten duenean

Horrela, Eragin proiektuan, ikasleen profilean modu esanguratsuan eragiten duten elementuak identifikatuko dira. Datu esanguratsuen bilatze-prozesu honetan, hainbat faktore hartzen dira kontuan; hala nola, ikaslearen nazioarteko esperientzia, lankide edo ikaskideekiko harremana edo proiektu konkretu batean hartutako papera.

Bestetik, titulazio bakoitzak ikasleari eskaintzen diona (metodologia, tutoretza, edo ebaluazio eredua, kasu) ikasleen profila identifikatzeko lagungarriak izan daitezkeen esparruak dira.

Unibertsitateak ikasleengan influentzia positiboagoa bilatze aldera, eszenario egokiak planteatuko dituen tresna baten moduan ulertzen da Eragin. Horretarako, beste unibertsitate batzuekin elkarlanean ari dira proiektuaren eragileak eta, unibertsitateko testuingurutik harago, Batxilergo eta Lanbide Heziketa etapetako ikasleen azterketarekin hasiak dira jada.

Ikus-entzunezkoaren 2 atalean, Iñaki Larreak, proiektuaren aurkezpena egiten du

Metodologia kuantitatibo eta kualitatiboa

Oraingoz, ikasleen hautemateak jasotzeko metodologia kuantitatiboaren alde egiten du Eraginek, lagin handiarengana –hau da, Mondragon Unibertsitateko graduko ikasle guztiengana–  heldu nahi baitu, horretarako tresna nagusia galdetegia izanik.

Etorkizunari begira, hala ere, ikasleen profilaren azterketan sakondu nahi da metodo kualitatiboaren bidez. Horretarako, titulazio zehatzen batean jadanik egin bezala, gradu guztietako ikasle talde konkretuekin eztabaida talde ezberdinak egitea planteatzen da, galdetegiak ematen dituen emaitzetan sakondu ahal izateko.

Proiektuaren ideia orokorra, unibertsitate bezala Mondragon Unibertsitateak dituen hobetze esparruak identifikatu eta honen arabera hobekuntza hau bermatuko duten neurriak diseinatzea da, beti ere ikasleen profil pertsonala eta profesionala ipar nagusia izanik.

Eragin proiektuari buruz erreportaje zabala eskaini dio Ikertzen Mondragon Unibertsitatearen ikerkuntza gehigarriaren 11. aleak (jaitsi pdf-a).

Exit mobile version