Digitalizazioa gizartearen esparru guztietan hedatzen ari den fenomeno geldiezina da. Bere inpaktuak, batez ere, alde onak ditu; baina asmatu behar dugu bere alderdi positiboenak sustatzen eta bideratzen gizarte osoaren mesederako.
Gogor jo duen esparruetako bat hezkuntza da, zalantzarik ez. Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak (Dekano izendatu berria) digitalizazioak hezkuntzaz duen eta izango duen eraginaz hitz egin du MU Telebistan.
“Etengabe pentsatzeko moduak aldatzera eta tresna berriak ezagutzera behartzen gaituen gizarte batean gaude”, dio Nagore Ipiñak. Hezkuntzari buruz ari garenean, “garrantzitsua da digitalizazioaren oinarriak ondo zehaztea; adibidez, digitalizazioa, teknologia emergenteak edo teknologia berriak duten rola ez da instrumentala, euren rola hezkuntza proiektuen oinarrian egon behar da”, gaineratzen du.
Horrela, hezkuntzako eredu hibridoen kasuan, hartu beharreko erantzunak ez dira teknologikoak, Ipiñaren esanetan, “baizik eta erantzun pedagogiko eta teknopedagogikoak”. Fokua aldatu beharra dago, beraz, eta “digitalizazioak, zentzu horretan, ekarpen interesgarria egin dezake hezkuntzaren eraldaketa zein berrikuntzan”, adierazten du HUHEZIko ikerlariak.
Beste ekarpen bat hezkuntza ekosistemako eragileen rolen definizioan eman daiteke. “Etorkizuneko irakasleak formatzen ditugu Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean; hartara, garrantzitsua da eurekin rol horren inguruko hausnarketa egitea, hau da, rol horren moldatze berri bat proposatzea”, esaten du Ipiñak.
Lau ideia gako
Ingelesez ‘4C’-ak erabiltzen dira XXII. mendeko irakasleen erronkak zeintzuk diren definitzeko. Hortik abiatuta, lau ideia gako aipatzen ditu HUHEZIko ikerlariak:
- konexioa
- zaintza
- hazkunde mentalitatea
- komunitatea
Lehendabizikoari buruz, “ikusi da zein garrantzitsua den testuinguru digitalean zaintza egitea; hau da, ez bultzatzea ikasleak pragmatismo palanka batekin helburu bat lortzera, eraginkortasunaren bila, baizik eta momentuak eta prozesuak ondo zaintzea”, dio.
Garrantzitsua da konexioa ere. Honetaz, “ikasleak besteekin eta norberarekin konektatzeko aukera izatea eta baita testuinguru digitaletik espazio informalak eraikitzea”, aipatzen du.
Hazkunde mentalitateari dagokionez, “badakigu ezagutza 13 hilabetean behin bikoizten dela eta guzti hori hezkuntzan gure eskura dago, erabilgarri” diosku Nagore Ipiñak.
Eta, azkenik, komunitatearen zentzuak ere berebiziko garrantzia du digitalizazioa eta hezkuntzaz mintzo garenean. “ Ereduak jasangarria eta osasuntsua izan behar du, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat, baita komunitate osoarentzat ere”, azpimarra jartzen du Ipiñak. Izan ere, “tresnak edozein direla ere, zentzua da inportantea”.
Labur esanda, “digitalizazioaren rola ez dadila instrumentala izan”. Horretarako, ez dugu arreta tresnetan jarri behar, “baizik eta ikasleari eta komunitateari testuinguruak eskaintzeko hezkuntza proposamen esanguratsu eta aberasgarriak egitean”, dio Nagore Ipiñak, ondorio gisara.