Estatuko lehen unibertsitatea da enplegagarritasunean, eta onenen artean dago ezagutzaren transferentziaren, irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren arloetan
Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, unibertsitate baten ikusgarritasunak eta prestigioak berebiziko garrantzia dute bere arrakastan eta talentua eta baliabideak erakartzeko duen gaitasunean. Unibertsitate-rankingetan egotea, hezkuntza-kalitatearen aintzatespena izateaz gain, unibertsitatearen estrategiaren barruan funtsezko tresna bihurtzen da.
Ikasleentzat eta haien familientzat, kanpo-ebaluazio bat denez, ranking horiek gida fidagarri bat eskaintzen dute, beren itxaropen eta nahiekin ondoen lerrokatzen den unibertsitate-gradua hautatzeko. Bestalde, enpresek oso kontuan hartzen dituzte sailkapen horiek lankidetza akademikoak, baterako ikerketa-proiektuak eta erakartze-programak ezartzerakoan. Testuinguru horretan, unibertsitate-rankingen garrantzia eta inpaktua aztertzea funtsezko zeregina da unibertsitate bat hezkuntza-panorama globalean hobeto koka daitekeela ulertzeko.
Mondragon Unibertsitateak 2023/24 ikasturtean estatu mailako bi ranking nagusietan parte hartu du: U Ranking, BBVA Fundazioak eta Valentziako IVIE Institutuak egina, eta CyD, izen bereko Fundazioak egina. Bi kasuetan emaitza oso positiboa izan da, Mondragon Unibertsitatearen posizioa sendotzen baitu Estatuko unibertsitate onenen artean.
Lehen unibertsitatea enplegagarritasunean
U Ranking sailkapenean, Mondragon Unibertsitatea Estatuko lehen postuan geratu da enplegagarritasunari dagokionez. Sailkapen horren arabera, Mondragon Unibertsitateko tituludunen enplegagarritasuna % 86,9koa da ikasketak amaitu eta lau urtera. Mondragon Unibertsitateko tituludunen langabezia-tasa % 5ekoa da ikasketak amaitu eta urte batera. Kopuru horietan jasota ez dauden ikasle egresatuak ikasten jarraitzen duten pertsonak dira.
CyD rankinean, Mondragon Unibertsitatea Estatuko hamar unibertsitate onenen artean dago, eta errendimendu onena du ezagutzaren transferentziaren, irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren arloetan. Gainera, irakaskuntza praktikoaren metodoa, inguruko enpresetan duen sustraitzea eta ikasleen mugikortasuna nabarmentzen dira.
CYD rankingaren arabera, Mondragon Unibertsitatea da Euskadiko enpresetatik datozen ikerkuntzako kanpoko diru-sarreren ehuneko handiena duen Estatuko unibertsitatea, baita enpresekin argitalpen gehien egiten dituena ere.
Halaber, rankingak adierazten du unibertsitatea inguruko enpresetan duen sustraitzeagatik, irakaskuntza praktikoko metodoagatik eta transferentziagatik nabarmentzen dela. Horren erakusgarri da, besteak beste, lehen postuan dagoela sortutako Spin Offs kopuru handiena duen unibertsitate gisa.