Urriaren 3an aurkeztu zen Bergaran, Gipuzkoako Elikagai Bankuko biltegian, azaroan egingo den bilketa handiaren irudia. Aurkezpenean jakinarazi zen Mondragon Unibertsitatea izango dela aurtengo edizioaren aurpegia. Balio partekatuak eta komunitatearekiko konpromisoa nabarmendu dituzte Elikagai Bankuko arduradunek.
Balio partekatuak eta gizartea eraldatzea
Mondragon Unibertsitatean oso pozik eta harro gaude Elikagai Bankuaren bilketa handiaren irudia izateaz. Aukera hau jaso genuenean, ez genuen zalantzarik izan: bi erakundeek balio berdintsuak partekatzen ditugu, eta honela, hezkuntza bidez gizartea eraldatzeko gure lana eta familiei oinarrizko beharrak asetzeko Elikagai Bankuaren lana elkartu egiten dira modu naturalean.
Elikagai Bankuak pertsona zaurgarrien artean egiten duen lana eta gure unibertsitateko komunitatearen konpromisoa elkarlanean jartzea funtsezkoa da gizarte hobe bat eraikitzeko. Azaroan egingo den bilketak aukera emango du laguntza behar duten familien egoera hobetzeko, eta baita gure ikasle, irakasle eta langileen artean elkartasun sentsibilitatea eta parte-hartzea sustatzeko ere.
Gonbidapena komunitate osoari
Deia egiten diegu gure ikasle, irakasle, langile eta komunitate osoari azaroaren 7an eta 8an egingo den bilketan boluntario gisa parte hartzeko. Izena emateko aukera Gipuzkoako Elikagai Bankuaren webgunearen bitartez egongo da.
Zatoz gurekin, jarri zure aletxoa eta parte hartu ekimen honetan.