Sistema Elektroteknikoetako 2. mailako Ander Alberdiri elkarrizketa.
Beasaindarra jatorriz, ordiziarra adopzioz, Ander Ampo Ordizia Rugby Elkarteko jokalaria da, Ohorezko Mailan, eta maiatzean azpitxapeldun izan zen, Zinbabueko 20 urtez azpikoen B mailako Munduko Txapelketan, Samoak Espainiako selekzioa luzapenean gainditu eta gero.
– Garaipen handia Santboianaren aurrean eskuratutakoa.
Bai, aurkari sendoa da, oso ondo sailkatuta etorri ziren, bigarren postuan, beti zaila irabazteko den taldea, etxean zein etxetik kanpo. Gure aldetik, lesionaturik zeuden jokalari gehienak bueltatu ziren, genuen guztiarekin partidaren bila ateraz, eta dena espero bezala atera zitzaigun. Partida ederra egin eta gure emaitzen bolada txarrari agur esan genion. Koparako (eta aurrerago playofferako) txartela eskuratzeko urrats ona eman genuen. Lehenengo buelta bukatzeko bi partida gogor gelditzen zaizkigu, SilverStorm El Salvador (Valladoliden) eta Senor Independiente Rugby (etxean). Kopan sartzeko aukera izateko bietan itxura ona eman beharra daukagu. Zaleak berriro ere alboan izatea espero dugu, beti bezala. Animoek asko laguntzen dute, eta oso pozik nago beraiekin.
Irudian, Ander partida batean.
– Udaberrian Zinbabue aldean ere egon zinen.
Bai, esperientzia polita ez, ikaragarria izan zen. Nahi izan nuena baino gutxiago jokatu nuen, baina ulertzekoa da kategoria horretan maila handia dago eta. Finala galdu genuen, eta ondorioz 20 urtez azpikoen A mailako Munduko Txapelketan parte hartzeko eskubidea ez genuen eskuratu (Georgia 2017, gu baino urtebete gazteagoek jokatuko lukete). Edozein kasutan, oso ondo lehiatu genuen eta balorazioa oso positiboa izan zen. Maite duzun kirola praktikatuz beste kultura batzuk ezagutzeko aukera edukitzea gauza handia da. Handik ekarri nuen gauzarik politena, bertan egin nituen lagunak dira.
– MGEPen Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuetako ikasketak, Ordizian entrenamenduak, asteburuan Altamiran edo kanpoan partida… Aldi berean guztia hau, nola?
Astea Arrasaten ematen dut, eta hiru arratsaldez Ordizian entrenatzen dugu pisukideak eta biok. Denbora aprobetxatzen saiatzen naiz. Ikasketen praktikotasunak eta laborategian lantegiko egoera desberdinak erreproduzitzeak horretara laguntzen du.
Irudian, Ander laborategian, automata bat programatzen.
Mila esker, Ander, eta animo ikasketek zein kirolak ekarritako erronkekin!
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu